Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu, atzo arratsaldean eta gauean Tolosan egindako hainbat lapurreta eta eraso leporatuta

2021-01-29

Beste bik ihes egitea lortu zuten, eta haien bila ari dira

Ertzainek 21 eta 22 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte bart gauean Tolosan eta Anoetan, indarrez lapurreta egitea leporatuta. Biek, ustez, lau pertsonako talde bat osatzen dute, eta atzo arratsaldeko zortziak laurden gutxietatik gaur goizaldeko ordu biak laurden gutxietara bitartean hainbat lapurreta egin dituzte Tolosako saltokietan eta udal-bulegoetan. Beste bi pertsonak ihes egitea lortu dute, eta une hauetan haien bila ari dira.

Atzo arratsaldeko zortziak laurden gutxi aldera, Tolosako Udaltzaingoaren bitartez Ertzaintzak jakin zuen bertako Nafarroa kaleko litxarreria-denda batean lau pertsonak gorabeheraren bat izan zutela jabeekin eta bertako langile bat lurrera bota zutela bultza eginda.

Handik minutu batzuetara, arratsaldeko zortziak aldera, Ertzaintzari jakinarazi zioten beltzez jantzita zeuden eta aurpegia “buff” batekin estalita zuten hiru pertsona bertako ile-apaindegi baten barruan zeudela, negozioa itxita egonda, eta, agian, lapurretan ari zirela.

Ertzaintzaren patruila bat laster hurbildu zen adierazitako lekura, eta ordurako bertan zegoen Udaltzaingoaren dotazio bat. Horrela, agenteek egiaztatu zuten lapurrek sarrerako atea behartu zutela beira hautsita, eta bertan zeuden odol-arrastoek pentsarazi zieten haietakoren batek, agian, ebakia egin zuela. Ile apaindegian dena hankaz gora zegoen.

Geroago, zortziak eta hogei aldera, Ertzaintzari jakinarazi zioten hiru pertsonak Tolosako Rondilla kaleko RENFEren geltokiko jagoleak jo zituztela, eta bertara trenbidetik oinez iritsi zirela. Berriemaileak hiru pertsona horien deskribapena ere eman zion, eta bat zetorren aurreko lapurretan inplikatuta zeuden pertsonenekin.

Gero, gaueko hamabiak laurden gutxi aldera, Ertzaintzak partikular baten abisua jaso zuen, Tolosako Rondilla kalean bertan dagoen eta udal-titularitatekoa den eta hainbat zerbitzu dituen eraikin bateko alarma aktibatu zela esanez. Bertara agertu ziren Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilek egiaztatu zuten norbaitek leiho bat hautsi zuela eraikinean sartzeko. Barruan era guztietako objektuak zeuden nahastuta eta lurrean botata. Horrez gainera, lapurrak udaltzainek aldagela moduan erabiltzen duten geletako batean ere sartu ziren.

Goizaldeko ordu biak hogei gutxi aldera, Tolosako aterpetxe batetik deitu zuten lau pertsona inguruan zokomiran eta, agian, aterpetxean lapurreta egiteko asmotan zebiltzala esanez.

Adierazitako lekura hurbildu ziren Ertzaintzaren bi patruilek eraikinetik korrika irteteko asmotan zebilen pertsona bat atzeman zuten. Ate lerragarri bat eta leiho bat eta barruko beste bi ate behartuta zeudela eta barruan hainbat gauza nahastuta eta lurrean botata zeudela egiaztatu ondoren, ertzainek atxilotu egin zuten ustezko lapurra, indarrez lapurreta egitea leporatuta.

Azkenik, goizaldeko lauak hamar gutxi aldera, partikular batek Ertzaintzari jakinarazi dio Anoetako industrialdera oinez zihoan pertsona bat odoletan zegoela. Bertara agertu diren bi patruilek geldiarazi dute susmagarria, eta Nafarroa kaleko litxarreria-dendako lapurretako baten deskribapenarekin neurri handi batean bat zetorrela egiaztatu dute. Bestalde, agenteei jakinarazi diete Rondilla kaleko udal-eraikinean egindako lapurretan ere inplikatuta egon zitekeela eta ile apaindegiko lapurretan egin ahal izan duela eskuan zuen ebakia. Horregatik guztiagatik, agenteek atxilotu egin dute indarrez lapurreta egitea leporatuta, eta ospitalera eraman dute zauriak sendatzera.

Une hauetan ikerketa zabalik dago, batetik, gertakariak zehatz-mehatz egiaztatzeko eta atxilotuen ustezko inplikazioa ziurtatzeko, eta, bestetik, ihes egitea lortu duten beste bi pertsonak atxilotu ahal izateko.

 
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko