Berriak Osasuna

Sailburuak adierazi du presio asistentzialak gora egiten jarraituko duela, eta prebentzio-neurriak betetzen jarraitzea eskatu du

2021-02-01
  • Gotzone Sagarduik dio, gaur inoiz baino gehiago, Euskadiko txertaketa-estrategia egokia dela

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Onda Vascako "Euskadi Hoy" saioan, eta, bertan, osasun egoera kezkagarria dela esan du. "Asteak dira kutsatze eta ospitaleratze datuak altuak direla, eta horrek otsail bizia aurreikusten du", gaineratu du. Hala ere, egoera zailean egon arren, osasun sistemak erreakzionatzeko gaitasuna duela ziurtatu du. Sagardui sailburuak azaldu duenez, Osakidetzak sarean lan egiten du, zentro batzuek beste batzuei lagunduz, eta horrek bermatzen du covid eta covid ez diren pazienteak artatzen jarraitzea. Egungo osasun egoeraren aurrean, prebentzio neurriak betetzen jarraitzea eskatu du Osasun sailburuak, gure esku dagoelako egoera hobetzea.

Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, Osasuneko sailburuak esan du ez dela erraza plangintza bat egitea laborategien irizpide-aldaketen eta ematen ari diren banaketa-arazoen aurrean. Zentzu horretan, egoera honetan, inoiz baino gehiago, Euskadiren estrategia egokia izan dela azpimarratu du. "Immunizazio-prozesua osatzea bermatzen duen estrategia bat dugu. Lehen dosia jaso duenak bigarrena jasoko du ", gaineratu du. Gainera, Osakidetzak txertoa jartzeko gaitasuna duela azpimarratu du, gripearen aurkako txertaketa-kanpainan ikusi den bezala. "Txertaketa kanpainari buruz dudan benetako kezka nahikoa dosi egotea da", gaineratu du.

Covidaren aldaera britainiarrari buruz galdetuta, sailburuak esan du, ematen duenez, txertoak eraginkorrak direla britainiar aldaeraren aurrean. Sagarduik azaldu duenez, Euskadin gero eta handiagoa da bere presentzia, eta kutsadurei aurrea hartzea da gakoa. Gainera, Euskadin kasu positiboen % 20 aztertzen ari direla azaldu du, batez bestekoaren gainetik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak