Berriak Segurtasuna

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du nabigaziorako datorren larunbaterako, urtarrilaren 30erako

2021-01-29
  • Alerta larunbateko 15:00etatik 24:00etara aktibatuko da, eta egunaren azken orduetan olatu handienaren altuera 7 m ingurukoa izan daiteke
  • Aldi berean, eta ordu-tarte bererako, abisu horiak aktibatu dira kostako inpaktuagatik eta haizeagatik ageriko lekuetan

Segurtasun Sailak nabigaziorako alerta laranja aktibatu du datorren larunbaterako, urtarrilaren 30erako, 15:00etatik 24:00etara (lehenengo bi milietan), eta olatu handienaren altuera 7 metrotik gorakoa izan liteke. Bestalde, ordu-tarte bererako, abisu horiak aktibatu dira kostako inpaktuagatik (eragina handiagoa izango da arratsaldeko itsasgoran) eta haizeagatik ageriko lekuetan, bereziki itsasertzean eta gauean zehar.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, larunbatean “Justine” izeneko borraska sakon bat kokatuko da Britaniar Irlen mendebaldean. Borraskaren erdiguneak Bretainia alderantz egingo du, eta kontinentean sartuko da eta igandean Mediterranio aldera joko du. Igandetik aurrera, dirudienez ipar-mendebaldeko korridore indartsu bat sortuko da Atlantikoko antizikloiaren eta kontinenteko behe-presioen artean, eta horren eraginez denborale indartsua sortuko da mendebaldetik larunbatetik aurrera. Une horretatik aurrera, beraz, itsaso zakarra izango da, haizeak gogor joko du, bereziki itsasertzean, eta prezipitazioak izango dira batez ere isurialde kantauriarrean.

Atlantikoko borraska sakon horrek olatu handiak sortuko ditu batez ere larunbat arratsaldean eta gauean, eta eguneko ordu zentraletan olatu handienaren altuera oso azkar igoko da 3,5 metrora eta arratsaldean 5 metroak gaindituko ditu; egunaren azken ordurako 7 metro ingurukoa izan daiteke. Egoera horrekin, nabigaziorako alerta laranjak gorrira egin dezake. Igandean, urtarrilaren 31n, jaisten joango da olatuaren altuera, eta 5 metrotik beherakoa izan daiteke eguneko ordu zentraletan, nahiz eta litekeena den azken orduan berriz ere gora egitea, 5 metrotik gorakoa izatea, eta erregistro horietan mantentzea astelehenera arte.

Olatuen ezaugarriak direla eta, larunbat arratsaldetik aurrera eta igandean zehar itsas pasealekuak eta dikeak gainditzea eta zipriztinak izatea espero da, batez ere itsas-gora inguruan. Hori dela eta, abisu horia aktibatuko da kostako inpaktuagatik larunbat arratsaldetik aurrera.

Bestalde, larunbat goizaldean haizeak hego-mendebaldetik joko du, eta haize-boladak 90-100 km/h-tik gorakoak izan litezke, baina goizean zehar baretzen joango da eta mendebaldera/ipar-mendebaldera egingo du. Ordu zentraletatik aurrera, borraskak Britainia aldera egin ahala, haizea indartzen joango da, eta haizeagatik abisu horia aktibatuko da ageriko lekuetan; izan ere, 100 km/h-tik gorako boladak izan daitezke, batez ere itsasertzean eta, bereziki, gauean. Itsasertzetik hurbil dauden ageriko lekuetan, haizea 70-80 km/h-tik gorakoa izan liteke. Igande goizean, haizea baretzen joango da, baina litekeena da gauez berriz ere indartzen joatea eta astelehenean ere haize handia ibiltzea.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko