Berriak Segurtasuna

Bilbon atxilotu dute emakume bati telefono mugikorra lapurtzegatik

2021-01-27

Ertzainek 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizean Bizkaiko hiriburuan, ebasketa-delitu arina leporatuta. Susmagarria, dirudienez, Portuko Markesaren kaleko portal batean sartu zen emakume batekin batera, eta jarraian jakako poltsikoetako batean zeraman telefono mugikorra kendu eta korrika irten zen. Biktimak Ertzaintzari gertatutakoaren berri eman ondoren, polizia-patruila batek aurkitu zuen, eta telefonoa berreskuratu ostean atxilotu egin zuen.
Atzo, asteartea, goizeko hamarrak baino lehentxeago, emakume batek Ertzaintzari jakinarazi zion gizon batek telefono mugikorra lapurtu ziola. Emakumeak emandako informazioaren arabera, Portuko Markesaren kaleko portal batean sartu zenean, berarekin batera ezagutzen ez zuen gizon bat sartu zen. Portal barruan gizona hurbildu egin zitzaion, eta, elkarri hitz batzuk esan ondoren, eskua sartu zion jantzita zeraman jakaren poltsikoan eta telefono mugikorra kendu zion. Jarraian, korrika irten zen portaletik.
Emakumearen abisuaren ostean, Ertzaintzaren patruila bat San Frantzisko kale aldera abiatu zen, eta kale horren eta Iturrizar kalearen elkargunean aurkitu zuen ustezko lapurraren deskribapenarekin bat zetorren gizon bat. Gizona, patruila ikusi zuenean, korrika abiatu zen García Salazar kalerantz, eta ertzainetako batek atzetik jarraitu zion. Horrela, agenteak ikusi zuen telefono mugikorra zakarrontzi batera bota eta korrika jarraitzen zuela.
Telefono mugikorra hartu ondoren, ertzainak susmagarria harrapatu zuen.
Handik laster iritsi zen beste agentea biktimarekin batera, eta honek agenteei adierazi zien berreskuratu zutena berari lapurtutako telefonoa zela. Era berean, ustezko lapurra ere ezagutu zuen.
Gertakari horien aurrean, ertzainek 24 urteko gaztea identifikatu zuten, eta beharrezko frogaketak egin ondoren, atxilotu egin zuten ebasketa-delitu arina leporatuta. Gero polizia-egoitzara eraman zuten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko