Berriak Hezkuntza
qrcode

STEAM hezkuntzarekin hitzordu beria: STEAM Euskadi Topaketaren bigarren saioa izango da bihar

2021-01-27
  • “STEAM ekimenak garatzeko ikaskuntza-testuinguru errealak” izenburuarekin burutuko da; izen-ematea irekita dago oraindik: http://steam.eus/topaketak/
  • STEAM Euskadi Topaketako saio guztiak webinar erakoak izango dira, telematikoak
  • Urtarriletik martxora bitarteko sei saioren bidez, STEAM hezkuntza bultzatzeko jardunbide onenei ikusgarritasuna ematea da helburua

STEAM Euskadi Topaketak zikloak bigarren saioa du bihar. Hezkuntza Sailak Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan antolaturiko zikloa “STEAM ekimenak garatzeko ikaskuntza-testuinguru errealak” izenburuarekin garatuko da bihar, eta STEAM Euskadi Sariaren lehen edizioan finalista izan ziren bi ikastetxek beren proiektua azalduko dute, eta arlo horretan duten esperientzia aurkeztuko. Gaztelueta Ikastetxea izango da bat, "Forensic Science" proiektuarekin, eta Somorrostro Prestakuntza Zentroa bestea, “Las colillas de tabaco ni son semillas ni se esFUMAN”, proiektua aurkezten. Azken proiektu hau ingurumenaren jasangarritasunaren eremukoa da, STEAM ikuspegia izateaz gain. 

Aipaturiko ikastetxeekin batera, Ibercivis Fundazioak ere parte hartuko du. Herritarren zientzian aditua den fundazio horrek erakunde gonbidatu gisa parte hartuko du topaketan, eta gaur egun dituen proiektu nagusiak eta zientzia irekia kontzeptua ere azalduko ditu. Amaitzeko, Amaia Esquisabel Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendariak itxiko du biharko saioa.

STEAM Euskadi Topaketaren baitan antolatu diren topaketa guztiak webinar formatuan ari dira garatzen, hau da, telematikoak dira, eta ezinbestekoa da izena ematea bertan parte hartzeko. Ostegun honetako saiorako izen ematea –doakoa- irekita dago STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean, saioa hasi baino ordu erdi lehenago arte. Saioa 17:30etan hasiko da eta izena eman duten guztien topaketa jarraitzeko esteka bat jasoko dute.

Izen emateak: http://steam.eus/topaketak/

Arrastoa uzten duten esperientziak hezkuntza arloan

Urtarrilean, otsailean eta martxoan zehar, hamabost egunean behin, sei saio ari da burutzen Hezkuntza Saila Innobasquerekin lankidetzan, STEAM Euskadi Topaketen barruan.

Prestakuntza-webinar moduan egiten dira, eta STEAM Hezkuntzan giltzarri diren hainbat gai jorratzen dira horietan, hala nola: ikasgaiak integratzea, metodologia aktibo egokienak, kultura zientifikoa eta pentsamendu kritikoa, bokazio teknologikoak neskatilen artean edo aniztasuna ikasgelako jardueren diseinuan nola barneratu.

Online egiten diren topaketa hauen xedea da STEAM hezkuntza bultzatzeko jardunbide onenei ikusgarritasuna ematea batetik, baina baita zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloetan bokazio goiztiarrak bultzatzea eta STEAM konpetentziak garatzea ere. Horregatik, 2020ko STEAM Euskadi Sarietan finalistak izan diren 12 ekimenak sakon ezagutuko dira saioetan. Hezkuntza-proiektu horiek zuzendu dituzten irakasleak izango dira protagonista. Gainera, saio bakoitzean, aditu bat gonbidatuko da.

Lehen saioa urtarrilaren 14an burutu zen “Espiritu ekintzailea STEAM proiektuen bidez” goiburuarekin, eta 220 parte hartzailek eman zuten izen saioak jarraitzeko. Datozen asteetarako (otsailean eta martxoan) aurreikusitako saioek ere STEAM hezkuntza jorratuko dute hainbat ikuspegitatik, hala nola generoa, kultura zientifikoa, diziplinartekotasuna edo aniztasuna, honako goiburu hauekin:

  • STEAM hezkuntzan genero-ikuspegia barneratzeko baliabideak
  • STEAM esperientzien bidez kultura zientifikoa bultzatzea
  • Nola bultzatu ikasgelan STEAM diziplinen zeharkakotasuna?
  • STEAM hezkuntza: elkarbizitza eta aniztasuna lantzeko bidea

STEAM Euskadi Topakaten inguruko informazio guztia ikusgai dago STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean: http://steam.eus/topaketak/

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak