Artolazabalek nabarmendu du Gazteriaren Lege berriak gazteen ikuspegia finkatuko duela Euskadiko politika publikoetan

2021-02-01
  • Legearen arabera, Gazteen Zerbitzuen Euskadiko Sistema gazteriaren politika sustatzeko tresna nagusia da
  • Proiektuak hiru helburu nagusi jaso ditu: emantzipazioa, haur eta gazteen sustapena eta parte-hartzea
  • Araua onesteak egonkortasuna, sustapena eta koherentzia handiagoa emango die gazteriaren arloko neurriei
  • Beatriz Artolazabalek Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiken eta Gazteriaren Batzordearen aurrean egin du agerraldia

Vitoria-Gasteiz, 2021/02/01

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, gaur, honako hau nabarmendu du: “Gazteriaren Legea onestean, finkatu egingo da gazteen ikuspegia Euskadiko politika publikoetan”, eta, hala, sendotasun handiagoa emango zaio eragileek gazteriaren zeharkako politikaren inguruan duten konpromisoari.

Artolazabalek agerraldia egin du, gaur, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiken eta Gazteriaren Batzordearen aurrean, Euskadiko Gazteriaren Lege-proiektua aurkezteko; hura Gobernu Kontseiluak onetsi zuen, 2020ko azaroaren amaieran. Bertan, “une historiko” hau baloratu du, zan ere, EAEk ez du gazteria-legerik eta orain arte Legebiltzarrera helarazitako proiektu guztiak porrot egin dute.

Nabarmendu duenez, legeak “egonkortasuna eta sustapena eta koherentzia handiagoa” emango du, baita esperientziatik baliozkotutako lan-moduei ere, “eta egonkortasunez eta bermez finkatuko ditu” Eusko Jaurlaritzako zenbait sailen, hiru foru aldundien eta EUDELen eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK), gazte-erakundeen eta gazteen euren inplikazioa duten ekintza positiboko neurriak. Agerraldian, Artolazabalekin batera, Agurtzane Llano, Gazteriako zuzendaria eta Rafael López-Arostegi aholkularia izan dira.

Arau berri horrek, Legebiltzarrak balioesten badu, xede izango du gazteak emantzipatzeko batez besteko adina murrizteko helburuan aurrera egitea eta, hala, beren bizi-proiektuak garatzeko aukera eman eta aukera-berdintasuneko ikuspegitik gazteak sozializatzeko prozesuetan eragina eduki ahal izatea, beren egoera, sexua, jatorria edo beste edozein baldintza gorabehera, garatzeko, ikasteko, gizartean parte hartzeko eta bizitzaren etapa horretaz gozatzeko dauzkaten baliabideak hobetuz.

Artolazabalek, agerraldian, honako hau nabarmendu du: “Legeak gizarte-testuinguru konplexu eta aldakorrari” erantzuten dio, “eta, bertan, gazteek jatorrizko familia-etxetik irteteko dituzten zailtasunak nabarmentzen dira, nagusiki faktore objektiboei dagokienez, bai eta ume, nerabe eta gazteen sozializazio-eragile eta -prozesuetan eragina duten eraldaketa sakonak ere”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak “funtsezkotzat” jo du gazteriaren inguruko zeharkako politika bat finkatzea, gazteen benetako berdintasuna sustatzera bideratzen dena, eta, hala, haien eskubideak eraginkortasunez baliatzen direla ziurtatzea eta baliabide produktiboetara duten sarbidea, gizarte-inklusioa eta ongizatea sustatzea.

Era berean “beharrezkotzat” jo du haur eta gazteen sustapena bultzatzea, ume, nerabe eta gazteen sozializazio-prozesuetarako –gero eta anitzagoak eta konplexuagoak– zenbait jarduera, zerbitzu eta ekipamendu bereziren bitartez, eta, horretarako, jarduketak etapa bakoitza gozatzera eta haurtzarotik heltzea, ikaskuntza eta gero eta autonomia handiagoa sustatzera bideratzea.

Hiru helburu eta Gazteen Zerbitzuen Euskadiko Sistema

Artolazabalek lege-proiektuaren edukia azaldu du. Hiru helburu nagusi jaso ditu: emantzipazioa, haur eta gazteen sustapena eta parte-hartzea. Hiru arlo nagusi egituratzen eta sustatzen ditu, helburu horiek betetzera bideratzen diren bitarteko gisa: zeharkako politika; zerbitzu eta ekipamendu berezien katalogoa, eta gazte-partaidetza metodo gisa, hurrenez hurren.

Helburu horiekin eta baliabide eta metodo horietatik abiatuta, legearen arabera, Gazteen Zerbitzuen Euskadiko Sistema gazteriaren politika sustatzeko tresna nagusia da, oro har: zeharkako politika eta haur eta gazteen sustapen-politika. Eta, testuinguru horretan, zenbait mekanismo ezartzen ditu sistema homogeneo baten finkapena eta hedapena ziurtatzeko, baina lurralde bakoitzeko behar eta ezaugarrietara egokituta, eta mekanismo nagusietako bat EAEko administrazioaren eta gainerako erakundeen eskumen eta eskuduntza zehatzak zehaztea da.

SISTEMA

Zeharkako politika / tresnak

Haur eta gazteen sustapena / tresnak

 

-        Gazterian arauek eta planek haiek prestatzean duten inpaktuaren ebaluazioa. Eta haiek prestatzeko lanaren, betearazpenaren eta ebaluazioaren segimendua, eta orientazioak ematea.

 

-        Euskadiko Gazteriaren Estrategia; neurri eta helburu zehatzak izango ditu, emantzipazioari bide emateko, eta 18. artikuluko esku hartzeko ildoetan lehentasuna emango die aldi bakoitzean diagnostikatutako eskari eta beharrei ondoen erantzuten dietenei.

 

Honako arlo hauetan sustatuko diren jarduketa zehatzak ezartzen dira: enplegua, hezkuntza, etxebizitza, emakume eta gizonen berdintasuna, sexu- eta genero-aniztasuna, gizarte-zerbitzuak, kultura, kirola, aisia eta astialdia, osasuna eta prebentzioa, ingurumena, kontsumoa, informazioaren gizartea, boluntariotza, landa- eta itsasertz-ingurunea, mugikortasuna, bizikidetza, autonomia eta erantzunkidetasuna eta Euskadiko gazteria kanpoan.

 

-          Gazteria-politikaren plangintza eta ebaluazioa, eta urteko programazioa eta ebaluazioa autonomia-, foru- eta toki-mailako administrazioetan.

 

 

Haur eta gazteen astialdiko jarduerak arautzeaz gainera, honako hauek eratzen duten Zerbitzu eta ekipamendu berezien katalogoa ezartzen da:

 

-        Gazteriaren bulegoak eta informazio-guneak (gazteriaren informazio-zerbitzuak eta dokumentazioa).

 

-        Ume, nerabe eta gazteentzako topaketarako espazioak eta jarduera soziokulturalen eskaintza eta baliabideak (haurtxokoak, gaztelekuak…).

 

-        Gazteentzako aterpetxeak eta haur- eta gazte-taldeen egonaldirako instalazioak.

 

-        Gazte-prestakuntza eta gazteriarekin zerikusia duen lana betetzen duten langileena.

 

Bestalde, abantailak sustatzen dira gazteen artean, ondasun, programa eta zerbitzuetara jotzeko aukerarekin lotuta daudenak, Gazte Txartelaren bidez.

 

Gazteen parte-hartzea metodo gisa (bai eta xede gisa ere): EGK eta parte hartzeko dinamika berriak elkartutako eta elkartu gabeko gazteekin.

 

Erakundearteko eta sailarteko koordinazioa: erakundearteko koordinazio-organoa eta sailarteko batzordea gazteriaren arloan.

 

SISTEMAKO JARDUKETA-ARLOAK

 

-        Gazteentzako informazioa, orientazioa eta laguntza.

-        Aisia eta hezkuntza ez-formala.

-        Mugikortasuna eta aldi baterako ostatua.

-        Gazteen adierazpenerako eta partaidetzarako kanalak.

-        Sorkuntzarako eta ekoizpenerako laguntza.

-        Enplegura eta etxebizitzara jotzeko laguntza.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak