Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Undak Hegan euskal kluster aeroespazialaren standa bisitatu du Paris Air Show ekitaldian

2011.eko ekainak 23

Sailburua gaur bertaratu da Le Bourget-era beren garapen teknologikoak eta programa berrietan duten parte-hartzea erakusten duten euskal enpresei laguntzeko.

Hegan Euskadiko Kluster Aeroespazialak Espainiako pabiloiaren erakusketa-azalera osoaren % 31 hartzen du.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda gaur bertaratu da París Air Show Azokara Hegan Euskadiko Kluster Aeroespazialeko bazkideei laguntzeko, aste honetan bertan izan baitira bertan beren ahalmenak eta garapen teknologiko berriak erakusten.

Paris Air Show ekitaldiaren, hau da, Aeronautikaren eta Espazioaren Nazioarteko Erakustokiaren, 49. edizio hau Le Burgeteko (Paris) aerodromoan ari da garatzen, ekainaren 20tik 26ra bitarte.

1997an sortu zenetik egiten ari den ildotik, Heganek azoka horretan parte hartzen du, sektorea Espainiako pabiloian ordezkatuz (1. Halla, F316 Standa). Deialdi honetan, hiru enpresa sortzaileek (AERNNOVA, ITP eta SENER) parte hartzen dute ekitaldian, baita ACITURRI taldeak ere, stand propioarekin. Lau Tiers-1 aeroespazial horiekin batera, Alestis enpresa elkartuak Andaluziako pabiloian parte hartzen du eta SISTEPLANTek eta TECNALIAk, aldiz, Hegan Kluster Elkartearen standaren barrualdea hartzen dute. Era berean, Le Bourget 2011 azokan parte hartzen dute DMP Klusterreko enpresek eta LTK, WEC, SIEGEL, CTA, METRALTEC, TTT TALDEA, TECNASA, MESIMA, TEKNIKER-IK4 eta NOVALTI enpresek.

Elkarraldi honetan, Heganen ordezkaritzak Espainiako pabiloiaren erakusketa-azaleraren % 31 hartzen du, 177 metro karratu guztira. Enpresa elkartuen sustapen-ahaleginaren adierazgarri da parte-hartze hori, Espainiako fakturazioaren % 17 biltzen dutenena (munduko hainbat tokitan kokatutako beren plantetan erregistraturiko 1.255 milioi euro ingururekin), eta horri esker beren produkzioaren % 75 baino gehiago esportatu ahal izan dute batez beste azken 15 urteetan. 

2003. urteaz geroztik, ekitaldi horretara ez da Industria sailbururik bertaratu, aeronautikaren eta espazioaren sektore-elkarraldi garrantzitsuenetakotzat jotzen den ekitaldira, Saileko zenbait ordezkari bisitan izan badira ere.

46 herrialdetako 2.000 erakusketari

Sektorearen indarberritzearen erakusgarri izango da Paris Air Show Erakustokiaren 49. edizioa, antolatzaileen esanetan, eta oraingoan 46 herrialdetako 2.000 erakusketari baino gehiago hartzen ditu, kontratista handiak, ekipo eta osagaien fabrikatzaileak, aerontzien fabrikazio eta muntaian aritzen diren ETEak, sateliteak, motor-fabrikatzaileak eta azpikontratista mekaniko eta metalurgikoak eta azaleren eta material osagarrien tratamenduetako espezialistak bilduta. 142 hegazkinen erakusketarekin osatzen da azoka, baita fabrikatzaile handien eta hornitzaileen artean programaturiko negozio-elkarraldiekin ere.

Heganen bazkideen presentziari dagokionez, erabateko soluzioak eskaintzen ditu Aciturrik Le Bourgeten azpiegitura, motor eta lanabes konplexuetan. Konpainiak bere ahalmenak erakusten ditu lurreratze-trenen ate eta karenaje konplexuetarako eskuzko moldekatzearen teknologian, eta ATL ekipoen bidez garaturiko produktuetan (7 metro luzeko larru kurbatuak zutoin ko-onduekin eta gehienez 13 metroko luzerako larruak). Motor-elementuen goi-mailako hornitzaile gisa, gainak, eraztunak, TRFrako osagai estrukturalak eta hainbat programatarako pieza txikien sorta bat fabrikatzen ditu Aciturrik.

Aernnovak 3.922 langile ditu (horietatik 900 ingeniaritza sailean aritzen dira) eta 376 milioi euroko fakturazioa, eta composite materialezko eta material metalikozko egitura aeronautikoen hornitzaile globala da, eta aldi bereko ingeniaritza-zerbitzuak ere ematen ditu. Tier.1 hornitzailea da Airbus, Embraer, Bombardier eta Sikorsky etxeentzat, eta guztiak ere ingeniaritza-zerbitzuekin hornitzen ditu, baita Boeing, EADS, Goodrich eta Alenia etxeak ere. Le Bourget 2011 azokan, Aernnovak bere ahalmenak erakusten ditu adierazitako alor horietan, baita A350 modeloan egiten ari den jarduera ere, HTParen diseinu eta fabrikazioarekin, MLGBaren deseinuarekin eta Rudderraren fabrikazioarekin (guztiak ere compositen egindakoak); eta arrisku-bazkide gisa Bombardier C-Series etxearen hegazkin berrirako hegoaren kaxa zentralaren diseinu eta fabrikazioan duen parte-hartzea, Gasteizko eta Mexikoko bere muntaia-plantak eta material konposatuko teknologia berriak biltzen dituzten bere faktoriak (Toledon) ere bai.

Corporación Tecnaliak, I+G+Bko Espainiako Talde Pribatu handien eta Europako bost handienetako bat denak, bere azken garapenak erakusten ditu Paris Air Show azokan, eta horien artean dago zelula automatizatu bat zuntzezko aurreformak produzitzeko, RTM/infusio bidez osagaiak fabrikatzeko erabiltzen direnak, espazioko sistema elektronikoetarako material aurreratuak edo mini UAV Fulmar ® sistema, Aerovision bere spin-off enpresak fabrikatutakoa, itsasoko eta lehorreko zaintzarako.

ITP Taldea Espainiako motor-ahalmenaren erakusgarri erabatekoa da ia. Epe ertainean, bere produkzio-ahalmena gehitzeko erronkari aurre egin behar dio konpainiak urtean 400 turbina entregatuta eta pasillo bikoitzeko hegazkinen motor guztien % 50ean parte hartuta. Motoren hainbat programatarako diseinatu eta fabrikaturiko zenbait osagai erakusten ditu Le Bourgeten. Behe Presioko Turbina bat ere erakusten du, ANTLE programarako Europako I+Gko V. Esparru Programaren barruan garaturikoa.

Sener taldeak espaziorako mekanismoetan duen esperientzia balioztatzen du: gida-, nabigazio- eta kontrol-mekanismoak, zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-sistemak, proiektu aeronautikoak eta sateliteenak, baita sistema zientifiko eta medikoak ere. Sener ingeniaritza eta teknologiako diziplina anitzeko taldeak espazio, aeronautika eta defentsako proiektuak aurkezten ditu bere standean. Lan horietako zenbaitetan, hala nola Proba 3 proiektuan, Sener da programaren arduradun garrantzitsuena, kontratista nagusia denez.

Azkenik, Sisteplant enpresak sektore aeroespazialerako eta defentsa-sektorerako fabrikazio eta ingeniaritza mekanikoko bere teknologia aurreratu trebatuak aurkezten ditu, garraio-ekipoak, MRO eta, oro har, scava prozesuak (balio erantsi handiko serie laburrak): arintasuna eta malgutasuna serie labur edo unitarioetan.

Programa aeroespazial nagusi gehienetan lan egiten duten hogeita hamar erakunde inguruk osatutako Hegan taldeko gainerako kideak ere azoka bisitatzen ari dira, profesionalei eskainitako egunetan, mundu osoko azoka garrantzitsuena baita. Heganen bazkideak hainbat bezero handiren hornitzaile dira, hala nola Airbus, Boeing, Bombardier, EADS, Embraer, ESA, Eurocopter, GE, Honeywell, NASA, Pratt&Whitney, Rolls Royce, Safran edo Sikorsky.

Paris, 2011ko ekainaren 23a

 

 

Iruzkin bat
  • @IDELabs
    2011.eko ekainak 24

    Comentario de Twitter:
    Bernab é Unda visita el stand del cluster aeroespacial vasco, Hegan, en el Par ís Air Show http://t.co/fQwjD7v

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)