Berriak Lehendakaritza

Euskadik eta Galesek lankidetza harremana dute "pandemia garaian" eta "post Brexit aro honetan"

2021-01-27
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari naguasiarekin batera, Mark Drakeford Galeseko Ministro Nagusiarekin batzartu da. Bertan, Lehendakariak eskertu egin du Galesen eta Euskadiren arteko ulermen- eta lankidetza-espiritua. " “Pandemia garaian” eta “post Brexit garai honetan” harreman aktiboa mantentzea da gure bi herrien garapenaren eta ongizatearen alde elkarrekin aurrera egiteko dugun nahiaren erakuslerik onena", adierazi du.

Pandemiaren bilakaera Eusko Jaurlaritzaren eta Galesko Gobernuaren arteko lankidetzan aurrera egiteko planteatutako gaien agendako gaietako bat da. Ildo horretan, Lehendakariak azpimarratu du, mundu osoan bezala, Euskadin ere "kezkatuta eta lanpetuta" daudela pandemiaren bilakaerarekin, eta azaldu du joan den astean neurri murriztaileagoak hartu behar izan zirela birusaren transmisio komunitarioa eteteko eta osasun publikoa bermatzeko.

Euskadiren eta Galesen arteko harremana ez da berria, Galesekiko lankidetza-harremanaren mugarria 2018ko uztailean gertatu zen, Cardiffen bi lurraldeen arteko lankidetza memoranduma (Memorandum of Understanding, MoU) sinatu zenean; eta, ordutik, lankidetza-jarduerak garatu dira.

Lehendakaria pozik agertu da duten lankidetza-harremanarekin, eta egunez egun egindako lana fruituak ematen ari dela azpimarratu du. Hala, "lankidetza eremu bikoitza" bereziki baloratu du: alde batetik, bi administrazio publikoen artekoa, eta, bestetik, lurralde bateko eta besteko eragileen eta bazkideen artekoa, interes komunak eta horiek gauzatzen dituzten proiektuak partekatzen baitituzte. "Etengabeko lan honek agerian uzten du Memorandumak benetako interes bati erantzuten diola", adierazi du.

Memorandumak lankidetza sustatzen du hainbat arlotan, hala nola industrian, berrikuntzan, mugikortasun- eta garraio-azpiegituretan, nekazaritzako elikagaien industrian, klima-aldaketan eta itsas energietan, prestakuntzan, gizarte-politiketan eta familia-kontziliazioan, bai eta fiskalitatean ere. Horrela, Galesek bat egin zuen Euskadik garatutako Aliantza Estrategikoen Sarearekin, munduko eskualde liderrek osatua.

Lankidetzaren adibide gisa, Lehendakariak aipatu du Euskadin eta Galesen aldi berean garatu diren aldebiko proiektuen deialdien emaitza ona. Euskadiren kasuan, lankidetza teknikoko proiektuen deialdian, guztira 40.000 euroko aurrekontuarekin, hautatutako sei proiektuetatik lauk Gales eta Euskadiren arteko lankidetza-ekimenei erantzuten diete.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak