Berriak Segurtasuna

Espetxean sartu dute joan den astean atxilotutako gizona, Bizkaian egindako hiru lapurretatan inplikatuta egoteagatik ikertu ondoren

2021-01-25

Joan den asteazkenean, hilaren 20an, Galdakaoko Udaltzaingoak 40 urteko gizon bat atxilotu zuen bertako establezimendu batean lapurreta egin eta ihesi zihoanean. Atxilotua 12 egunetan Bizkaian egindako 3 lapurretarekin erlazionatuta dago ustez. Lapurreta horietan arma bat erabili zuten, eta ikerketen ondoren egiaztatu dute arma simulatu bat zela.

 

Ikertzen ari diren lapurretak urtarrilaren 9tik 20ra bitartean egin zituzten Zornotzan, Lemoan eta Galdakaon, eta egun horretan gizon bat atxilotu zuten Galdakaoko udaltzainek, bertako establezimendu batean lapurreta egin ondoren ihesi zihoanean.

Bizkaiko Ikerketako Lurralde Zerbitzuak aspalditik zuen abian ikerketa, eta irudiak, ebidentziak, modus operandia, itxura eta abar aztertzen eta alderatzen ari zen. Atxilotua Bizkaiko hiru establezimendutan indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretengatik ari dira ikertzen, eta orain hiru agertokietako inguruabarrak aztertzen ari dira. Ustezko lapurrak arma bat, errebolber simulatu bat, erabiltzen zuen beldurra eraginez lapurretak egiteko.

Gizona azkeneko lapurretan atxilotu zutenean, ikerketa taldeak lapurrak ihesi zihoala egindako bidean ezkutatuta aurkitu zuen arma simulatua. Ikerlarien ustez, bigarren pertsona bat egon liteke inplikatuta lapurretetan, eta irekita jarraitzen dute, beraz, gertaerak argitzeko ikerketek.

Atxilotuak gertaerekin zerikusia duten polizia-aurrekariak ditu, eta larunbatean jarri zuten agintari judizialaren eskuetan. Epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko