Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.194 isun jarri dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

2021-01-25

Joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.194 isun jarri dituzte Euskadin, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik. Horietatik gehienak -746 zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez seiko taldetan (une horretan oraindik hala zegoen ezarrita) elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte. Berrikuntza gisa, gaurtik, astelehenetik aurrera, eta, orokorrean, gehienez lau pertsona elkartu ahal izango dira bai leku publikoetan bai pribatuetan.

 

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburuan berriz egin dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.194 isun bideratu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Horietako gehienak, 746, alegia, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte. Zifra horretatik 336 isun gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik jarri dituzte eta 219 norbera bizi den udalerritik irteteko mugak ez errespetatzeagatik.

 

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 218 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 95 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxeetan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea,  kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira. 

 

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 152 isun Araban, 645 Bizkaian eta 397 Gipuzkoan.

 

Ertzaintzak eta udaltzaingoek osasun-araudia betearazteko kontrolak egiten jarraituko dute

Mugikortasuna mugatu izanaren ondorioz, Ertzaintzak eta udaltzaingoek jarraitu egingo dute Euskadiko sarrera-irteerak eta norbera bizi den udalerriko eta lurralde historikoko sarrera-irteerak kontrolatzeko eguneroko lanarekin. Salbuespenak urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusita eta jasota daudenak dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak