Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak Europako Itsasoko Eskualde Periferikoei proposatu die "Europako eskualde-elkartasun beharra errefuxiatuak eta migratzaileak hartzeko"

2021-01-26
  • SHARE euskal proposamenean oinarrituta, CRPMk antolatutako topaketa
  • Mikel Anton: "Helburua migratzaileen benetako integrazioa lortzea da, beraiek ere Europako Eskubide Sozialen Pilarean oinarritutako Europa solidario eta jasangarriaren eraikuntzan parte har dezaten "

 Mikel Anton Zarragoitiak, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak, gaur goizean izandako Itsasoko Eskualde Periferikoen Konferentziako (CRPM) Migrazioari buruzko Lantaldeko bileran hurrengoa adierazi du: "errefuxiatuak eta migratzaileak hartzeko eskualde-elkartasun europarraren beharra dago, euskal SHARE proposamenean oinarrituta", esku-hartze humanista, alde batetik, Europaren finantzaketarekin, eta, bestetik,  migratzaileak edo errefuxiatuak hartzen dituzten eskualdeentzako pizgarri potentzialekin lotuz. 

Annika Annerby Jansson, Skåne Eskualdeko eta Lantaldeko presidenteak, aurkeztu du bilera. Migrazio Irregularreko eta Itzulera Politikako Kabineteko zuzendari Alexandra Cupsan-ek eta Europako Barne komisarioaren talde bereko Gosia Pearson-ek ondorengo gaiak aipatu dituzte: Migrazioari eta Asiloari buruzko Europar Batasunaren Itun berria, negoziazioen egoera eta Itunaren eskualde-dimentsioa. 

"Komunikazio zibikoa eta sanitarioa: informazio okerraren hutsunea betetzeko eta migratzaileengana iristeko modu bat" Annika Annerby-k jorratu du; "Eskualde-elkartasunari" buruzko aipamena Eusko Jaurlaritzako EBko Gaietarako zuzendari Mikel Antonek landu du; Päijät-Häme Eskualdeko Eskualde Integrazioko Zerbitzuaren arduradun Jenni Korjus arduratu da "maila anitzeko gobernantza migratzaileen kudeaketan" gaiaz; eta Kanarietako Gobernuko Europako Gaietarako Saileko Eva Fariña-k azaldu du “Bakarrik dauden adingabeentzako arreta”. 

"Eusko Jaurlaritzak gogobetetasunez hartu du 2020ko irailaren 23ko Europako Batzordearen Migrazioari eta Asiloari buruzko EBren Itunaren aurkezpena. Itun hau etorkizuneko ikuspegia duen Europako esparru eguneratu bat eraikitzeko aurrerapauso bat delako, migrazioa modu solidarioan eta jasangarrian kudeatzen lagunduko duena", adierazi du Mikel Antonek.

Kudeaketa 

Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak telematikoki egindako bileran adierazi duenez, "Uste dugu EBko Eskualdeetako Agintaritzek migrazio-ikuspegi integral hori eratzen eta kudeatzen lagundu behar dutela. Izan ere, Euskadin migrazio-mugimenduen ezagutza zehatza dugu, batez ere bigarren mailakoena. Baina, EBra lehen aldiz iristen direnen ezagutza ere badugu, bai eta egoitza-egoera irregularrean dauden eta asiloa eskatzen dutenen ezagutza ere". 

"Bakarrik dauden adingabe migratzaileen kudeaketan ere paper garrantzitsua dugu. Gainera, eskualde eta hirietan ematen da migratzaileen integrazioa, eta bertan kudeatzen dira zerbitzu publiko gehienak, hala nola osasuna, hezkuntza eta gizarte-laguntza", azpimarratu du Mikel Antonek migrazioari buruzko Europako ordezkarien aurrean. 

Mikel Antonek adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak uste du beharrezkoak direla elkartasuna eta erantzunkidetasuna Europar Batasunean migrazioaren eta asiloaren kudeaketan, 2020ko urriko Migrazio eta Asilo Itunari buruzko EPIKren Jarrera Politikoak jasotzen duen bezala. EBko estatu kideek beren banaketak gainditu behar dituzte, Europako balioak errespetatu behar dituzte eta bermatu behar dute migrazioa eta asiloa kudeatzeko sistema europarra elkartasunean eta erantzukizun partekatuan oinarritzen dela, lehen lerroko herrialde eta eskualdeen zama arintzeko ". 

"Eusko Jaurlaritzak, Espainiako eta Frantziako eskualdeen laguntzarekin,"SHARE" proposamenaren bidez, estatu boluntarioen eta eskualdeen arteko lurralde-banaketarako gako bat gomendatzen du, biztanleriaren, BPGaren eta langabezia-tasaren adierazleen arabera, errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak; larrialdi humanitarioko egoeran, ahultasuneko egoeran edo erregularizatzeko zain dauden migratzaile ekonomikoak; eta bakarrik dauden adingabe migratzaileak birbanatzeko", berretsi du Mikel Antonek.  

"Birkokatzeaz gain, eskualdeetako agintariek zeregin garrantzitsu bat bete dezakete errefuxiatuak birfinkatze bidez hartzerakoan. Adibide gisa, 2019an, Euskal Autonomia Erkidegoak oinarri komunitarioko errefuxiatuak babesteko ekimen bat jarri zuen abian, eta, eskualdeetako eta nazioetako gobernuen, ACNUR España-ren, gizarte zibileko erakundeen eta boluntarioen laguntzarekin, 29 errefuxiatu ekarri genituen Jordaniatik, 5 familiatan. Esperientzia arrakastatsua izan da eta familia horiek euskal gizartean erabat integratuta daude ", azaldu du Antonek. 

Gizarteratzea 

Mikel Antonek azaldu duenez, "lortu nahi dena migratzaileak benetan integratzea da, eta pertsona horiek Europako Eskubide Sozialen Pilarean oinarritutako Europa indartsu, solidario eta iraunkor baten eraikuntzan parte hartzea, eta horregatik dei egiten diegu estatuei eta Batasuneko estatu azpiko gobernuei, migrazioaren jatorrizko herrialdeetan, bereziki Afrikan, sustapen ekonomikorako ekintzak has eta biderka ditzaten. Helburua da etorkizunean inork ez dezala bere etxea eta herrialdea utzi baliabide sozialik, ekonomikorik, hezitzailerik edo sanitariorik ez izateagatik ".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak