Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratzi elkarrizketa Euskadi Irratian

2021-01-26

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak elkarrizketa eskaini du gaur goizean Euskadi Irratian. Bertan, hezkuntza arloari eta berak zuzentzen duen Sailari dagozkion aktualitateko hainbat gai azaldu ditu.

Horien artean, etorkizunera begira hezkuntzak dituen erronkek hartu dute solasaldiaren zati handi bat. Lau erronka nagusi aipatu ditu Jokin Bildarratzek: euskara ardatz dela, eleaniztasuna indartzea; gizarte kohesioa jorratzea; hezkuntza sistemaren digitalizazioan aurrera egitea; eta hori guzti hori akordio baten baitan txertatzea, bai akordio politikoa, zein hezkuntza eragileekikoa.

Akordio honen harira, Bildarratzek azaldu du berak zuzentzen duen Saila lanean hasia dela, akordiorako errazenak izan daitezkeen puntuak identifikatzen. “Mezu baikorrak jaso ditut orain artean eragile gehienengandik”, gehitu du.

Elkarrizketan, Bildarratzek aurreratu du Isabel Celaa Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministroarekin hitzordua duela aste honetan bertan, ostegunean. Bilera horretan, LOMLOE lege berria izango da gai nagusia sailburuak azaldu duenez: legearen garapenerako aurreikusten den egutegia, edo egutegi honek ikastetxeetan izango duen eragina. LOMCE gainditu izana pauso handitzat jo du, eta gehitu du “nahiz eta LOMLOE ez den gure legea, gure curriculuma jorratzeko aukera zabalagoa ematen digu eta, beraz, gure hezkuntza propioa garatzeko aukera gehiago dugu”.

Amaitzeko, bere Sailaren beste arduretako bat hezkuntzan behin-behinekotasuna jaistea dela azaldu du Bildarratzek, eta horretarako, Lan Eskaintza Publikoak ez diren beste formula batzuk ere aztertzeko prest agertu da. “Azken finean, ikastetxeei egonkortasuna ematea, kalitatea areagotzea da, eta ikasleak hori nabaritu egiten du”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)