
Ertzaintzak 70 pertsona baino gehiago zehatu ditu botiloiak egiteagatik eta lonjetan eta ostalaritzako lokaletan elkartzeagatik
Ertzaintzak guztira 76 pertsonari jarri dizkie isunak Covid-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko osasun-araudia urratzeagatik, asteburuan Euskadiko hainbat udalerritan egin dituen polizia-jarduketarik aipagarrienetan.
Gaur, igandea, goizaldean, ordu biak eta hogei aldera, 19 pertsona festan aurkitu dituzte Donostiako taberna batean. Agenteek guztira 57 isun-akta jarri dizkiete, horien artean baita lokalaren arduradunari ere. Handik ordu batzuetara, horietako lau berriz aurkitu dituzte kalean, eta kasu horretan agentearen aurkako desobedientzagatik salatu dituzte.
Gaueko hamabi eta erdiak aldera Seguran bost pertsona kalean edaten ari ziren, eta isun-aktak jarri dizkiete arrazoi horrengatik eta ordutegia ez betetzeagatik.
Usurbilen bederatzi pertsona aurkitu zituzten atzo, larunbata, gaueko bederatzi eta erdietan, alkohola edaten nahitaezko maskara jantzi gabe.
Gaueko hamaika eta erdiak aldera, beste hamaika salatu zituzten Aiako udalerrian, txabola moduko batean egoteagatik.
Bizkaiko lurraldean larunbat goizaldean hamahiru pertsona aurkitu zituzten Areatzako lonja batean. Gauerdian beste 8ri ere egin dizkiete isun-proposamenak Ondarroako garaje batean dagoen lokal batean elkarrekin eta neurriak bete gabe egoteagatik.
Goizaldeko bostak aldera, Ertzaintza Gernikako hotel batera agertu da, eta bertako gela batean zazpi pertsona aurkitu ditu maskara jantzi gabe eta musika jarrita.
Azkenik, aipatu behar da patruila batek bi emakume eta bi gizon ikusi dituela Arabako hiriburuan taxi batetik jaisten. Aitortu dutenez, familiarteko baten etxean egindako festa batetik zetozen. Hori dela eta, isunak jarri dizkiete.