Berriak
Eu

Iberdrolak eta Kutxak lehiakortasuna aregotzearen aldeko apustua egin dute 2014ko Ekoeraginkortasun Programaren bidez

2011.eko ekainak 22

Orain arte 1,4 milioi euro bideratu dira programara

Pilar Unzalu, Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza sailburua buru zela, Iberdrolak eta Kutxak 2010-2014 aldirako Ekoeraginkortasun Programari atxikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean Bilbon; Unzaluk zuzendutako sailak sustatu du programa hori. Bi erakunde hauekin, dagoeneko EAEko 135 enpresak egin dute bat programarekin. Enpresa horiek guztiek ingurumen jokabidea hobetzeko konpromisoa hartu dute, beren merkatuetan lehiakortasuna areagotzeko asmoz.

Ingurumen sailburuak adierazi duenez, Iberdrolak eta Kutxak programarekin bat egin izanak "agerian uzten du Euskal Autonomia Erkidegoko eragile ekonomiko guztiek interesa dutela ingurumen hobekuntza alderdiak txertatuta eta bide horretatik lehiakortasuna areagotuta negozio aukera berriak bilatzeko".

Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietatearen laguntzaz 2010eko urrian abiatutako programa honen balantzea ere egin du Unzaluk. Horren arabera, bertan parte hartzen duten enpresen % 42 ingeniaritza enpresak eta arkitektura estudioak dira, % 33 enpresa industrialak eta % 25, zerbitzu enpresak.

Atxikitako enpresek hartu dituzten ingurumen konpromisoei dagokienez, "% 35ak ingurumen kudeaketa egiteko eta baliabideen eraginkortasuna bilatzeko konpromisoa hartu du, % 23ak teknologia garbiak inplementatuko ditu eta % 38ak ekodiseinuaren metodologia aplikatuko du", enpresa hornitzaileekiko trakzio lana egiteaz gain.

Orain arte programa gauzatzera 1,4 milioi euro bideratu dira. Zenbateko horrek ez ditu sailaren urteroko aginduaren bidez ematen diren ingurumen dirulaguntzak barne hartzen, ezta enpresek Teknologia Garbien Euskal Zerrendako ekipoak erosita sozietate zergan eskura ditzaketen kenkari fiskalak ere.

2010-2014 aldirako Ekoeraginkortasun Programarekin bat eginda, Iberdrolak eta Kutxak ingurumen konpromisoak hartu dituzte. Hain zuzen ere, Iberdrolak horniketa arloan erosketa berdea bultzatzeko eta ekodiseinu metodologia aplikatzeko konpromisoa hartu du. Kutxari dagokionez, banku hobariak eta antzeko merkatu tresnak jarriko ditu abian, Teknologia Garbien Euskal Zerrendako teknologiak eskuratzeko edo ingurumen aldetik jasangarriak izango diren eraikuntza eta zaharberrikuntza gidak jarraitzen dituzten eraikinak egiteko.

2010-2014 aldirako Ekoeraginkortasun Programak mila enpresa ekoeraginkor izan nahi ditu 2014rako. Zehatz-mehatz, 2011n 300 enpresak eraginkortasunarekin bat egitea espero da, Ihobek, programa kudeatzen duen erakundeak, eskualdeetako garapen agentziekin eta enpresa elkarteekin egindako lankidetza hitzarmenei esker. Izan ere, Unzaluk esan duenez, "lankidetza publiko-pribatua da programaren oinarria".

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu