Berriak Lehendakaritza
Eu

Beste hamaika eskumen iritsi dira Euskadira

2011.eko ekainak 22

“Euskadi gaur sendotu egin da transferentzia-sorta honi esker”, adierazi du lehendakariak

Transferentzien Batzorde Mistoa gaur goizean bildu da Lehendakaritzan, Espainiako eta Euskadiko gobernuek negoziatu zituzten eskumenetako azkenak Euskadiri eskualdatzeko agiria sinatzeko. Transferentzia horiek 11 arlotakoak dira eta euskal administraziora aldatzen dituzte 366 pertsona, 35 milioi inguru euroko zuzkidura ekonomikoarekin batera.

Azken transferentzia horien bitartez aurrera egingo da "Estatutua garatzen eta autogobernua hobetzen", argitu du lehendakariak. Hain emaitza txarrak ekarri dituzten estrategia frentisten aurka, Patxi Lopezek “bat etortzearen eta gobernu zentralarekin zubiak eraikitzearen alde” egin du, “bukaera jakinik ez duten norgehiagoka abenturetan sartu gabe”.

Lehendakariak bere hitzaldian 3 gai hauen garrantzia azpimarratu nahi izan du: lan ikuskaritzarena, erlijio irakasleena eta kartzeletako irakasle eta osasun arloko langileena, baita eskualdatutako gainontzekoena ere, “ebatzi gabeko zenbait gairi” irtenbidea eman baitiote horiek.

Lan ikuskaritza

Lan ikuskaritzak “enplegu politiken diseinua” mugatuko duenez, irrika gehien sortu duen eskumenetako bat da, eta lehendakariak esan du “ekintza-batasunaren" printzipioa erabiliko da horretarako. Mendekotasun organiko bikoitza izan arren, Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaileek Gizarte Segurantzari eragiten dioten irregulartasunak sala ditzakete eta alderantziz. Horregatik behar-beharrezkoa da “ondo zehaztea eskualdatutako langileen funtzionamendua eta koordinazioa” eta Lan Ministerioarekin eredua negoziatzen jarraitzea, Patxi Lópezen hitzetan.

Chaves presidenteordeak, bestalde, nabarmendu du eskualdatze hori garrantzitsua dela, izan ere, enplegurako politika aktiboekin batera, enplegu politikak eta ekonomiaren susperraldia kudeatzeko “oso tresna baliagarria” eskuratu du Eusko Jaurlaritzak.

Euskal ordezkaritza lehendakariak, Herrizaingo sailburuak, Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Justizia eta Herri Administrazio sailburuak, Lehendakaritzaren idazkari nagusiak eta Koordinaziorako idazkari nagusiak osatu dute. Bestalde, gobernu zentralaren ordezkaritzaren buru Manuel Chaves hirugarren presidenteorde eta Lurralde Politika eta Herri Administrazioko ministroa izan da, eta besteak beste, Lurralde Lankidetzarako Estatuko idazkaria, Autonomia Erkidegoekiko eta Toki Erakundeekiko Finantza Koordinaziorako zuzendari nagusia, Lan Ikuskaritzako zuzendari nagusia eta Garapen Autonomikorako zuzendari nagusia ere ordezkaritza horretako kide izan dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)