Lan eta Enplegu Saila aurten Legebiltzarrera bidaliko duen DSBEren lege berrirako prozedurari ekingo dio

2021-01-21

Lan eta Enplegu Sailak ostiral honetan hasiko du Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko Lege berria egiteko prozedura administratiboa, eta Legebiltzarrera igorriko du, Gobernu Kontseiluak urteko azken lauhilekoan onartu ondoren. Lege horren bidez, gizarte-babeserako euskal eredua indartu nahi da, errenta bermatua izateko eta gizarteratzeko eskubide bikoitzetik abiatuta.

Kontsulta publikoa irekitzea testu artikulatu bat izapidetzen hasteko aginduaren aurreko lehen urratsa da. Bertan, aurreko legealdian Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako proposamena eta egindako eztabaidetan jasotako ekarpenak hartuko dira erreferentzia gisa, eta, horrez gain, babesteko tresna berria sartuko da testuan, hau da, gutxieneko bizi-diru-sarrera.

Ekimena diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko eta laneratzeko ezarritako neurrien eraginkortasunari buruzko azterketatik abiatzen da; izan ere, 2008an eskubide subjektibo gisa onartu zenetik, bi krisialdi sakonek eragin dute – 2008koak eta COVID-19k sortutako egungo krisiak –. Ondorio horiek honako hauetan islatzen dira: iraupen luzeko langabezia, migratzaileen baliabide pertsonalen gabezia, bazterkeria-arriskuaren feminizazioa, pentsiodun batzuen baliabide ekonomikoen eskasia, eta enplegu-modu prekarioenen hazkundea, eta, ondorioz, babesa behar duten pertsonen kopurua handitzea.

 

Arazo horiei gehitu behar zaizkie egungo araudiaren beraren mugak, luzeegia eta zurruna batzuetan, eta Bizi Diru-sarrera Gutxienekoa, Gizarte Segurantzaren prestazio berri bat, diru-sarrerak bermatzeko errentarekin partzialki bat datozen helburuekin, Euskal Autonomia Erkidegoari transferituko baitzaio haren kudeaketa osoa.

 

Lege berriak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren unibertsalizazioan sakondu nahi du, gaur egun behar bezala estalita ez dauden biztanleria-segmentu jakin batzuetara iritsiz, eta bereziki azpimarratuz seme-alabak ardurapean dituzten familia behartsuetan, sistema espezifiko bat ezartzea onuradun pentsiodunentzat, eta enplegagarriak diren Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen jarduera ekonomikoa eta gizarteratzea eta laneratzea sustatzea.

 

Arauaren helburuak

 

Arauaren helburuak honako hauek dira: identifikatutako arazoei irtenbideak ematea, sistema normalizatzea Euskadiko ongizate-eredu orokorraren parte gisa, eta ebaluazioan eta ezagutzan oinarritutako berrikuntzak ezartzea, sistemari Europako gizarte-politiken abangoardian mantentzea ahalbidetzeko.

 

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen aldaketaren helburua honako helburu hauek lortzea da:

 

1) Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema sistema autonomo gisa eguneratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestazio guztien osotasun koherente eta integratu batean eratuta.

 

2) Testuinguru sozioekonomikotik sortutako premiei neurri eta irtenbide espezifikoen bidez erantzutea eta, bereziki, lan-merkatuan sartzeko eta gizarteratzeko aukerak sustatzera eta hobetzera bideratutakoei.

 

 

3) Herritarrengandik hurbilago dagoen sistema bat ezartzea, araudia sinplifikatuz.

 

4) Eskainitako prestazioen estaldura hobetzea, bai hartzaileen ikuspegitik, bai zenbatekoak finkatzeko mekanismoen ikuspegitik, espezifikotasunak kontuan hartuta, hala nola seme-alabak dituzten familien babesa, guraso bakarrekotasuna, mendekotasuna, etab.

 

5) Euskal etxeetako konposizioei arreta ematea, eta aldi baterako arreta behar duten salbuespenezko egoerak identifikatzea.

 

6) Pentsiodunen espezifikotasunari erantzutea.

 

7) Prestazioen kudeaketa hobetzen aurrera egitea, prestazio eta laguntza ekonomikoen izapidetzean, zorroztasunean eta kontrolean arintasuna areagotuz, kudeaketa sinplifikatuz izapideak telematikoki erraztuz, elkarreragingarritasuna sustatuz, pertsonen identifikazioan hobekuntzak eginez, sistemaren iraunkortasun ekonomikoari eutsiz (zenbatekoak eta kasu bakoitzerako kalkulu-formulak eguneratzea).

 

8) Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema osatzen duten prestazioen zeregina mugatzea. Bereziki, gizarte-larrialdietarako laguntzak.

 

9) Gizarteratzeko Euskal Sistemaren eta gizarte- eta enplegu-zerbitzuen arteko koordinazioa indartzea

 

Iruzkin bat
  • @LanDpto
    2021-01-22

    Comentario de Twitter:
    .@LanDpto Saila aurten Legebiltzarrera bidaliko duen DSBEren lege berrirako prozedurari ekingo dio. https://t.co/fl2SxPzQNC

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko