Eusko Jaurlaritzak ebatzi du Verter Recycling enpresa Zaldibarko zabortegiaren eremuko lurzoruetan eta azaleko eta lurpeko uretan sortutako kalte esanguratsuen arduraduna dela

2021-01-20
  • Ingurumen-erantzukizuneko espedientea aztertu ondoren, Verter Recycling-i egozten zaio ingurumen-kalteen erantzukizuna, instalazioaren operadorea den aldetik 
  • Gobernuak enpresari eskatzen dio hamar egun balioduneko epean ingurumen-kalteak konpontzeko proiektua aurkezteko

2020ko martxoaren 4an, Eusko Jaurlaritzak hasiera eman zion ingurumen-erantzukizunaren espedienteari, ingurumen-kalteak eta Zaldibarko zabortegirako saiheste- eta konponketa-neurriak zehazteko.

Orain, Eusko Jaurlaritzaren ebazpenak, uren arloan eskumena duen agintaritzari (URA Uraren Euskal Agentzia) kontsulta egin ondoren, baieztatu egiten du kalte esanguratsuak daudela azaleko uretan, lurpeko uretan eta lurzoruetan. Zehazki, honako hau esaten da:

  • Lurpeko uren gaineko kalteak: erregelamenduz zehaztutako kalitate-arauak eta atalase-balioak gainditzen dituzten emaitza analitiko batzuk detektatu dira.
  • Azaleko uren gaineko kalteak: Ego-A azaleko ur-masak bere egoera ekologikoaren (amonioa, ortofosfatoa) eta kimikoaren (bentzo(a)pireno eta fluoranteno) kontrako efektua du Beko-Aixola ubidearen tarte batean, gutxienez 300 m-ko luzerakoan, eta erasana gertatu den unean egoera horren sailkapenean aldaketa gertatu da. Irristatzearen ondoren, eta lixibiatuak batzeko jarduketen ondoren, bentzo(a)pireno eta fluoranteno kontzentrazioak erregistratu dira Aixola ubidean, irristatzea baino beherago, eta horiek araudiak ezarritako mugak gainditzen dituzte.
  • Lurzoruaren gaineko kalte esanguratsuak: hondakin arriskutsuak zabortegiaren lurzoru inpermeabilizatu gabean, zeinak eragotzi egiten baitute lurzoruaren kalitate-adierazpena ematea, lurzoru horren edozein erabilera egin ahal izateko lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko autonomia-mailako araudian ezarritako baldintzetan.

Espediente horren hasieran, Verter Recycling enpresari eskatu zitzaion zabortegiko irristatzearen ondoren sortutako ingurumen-kaltearen adierazgarritasun-txostena aurkezteko.

Alarma-egoerak eragindako “administrazio-epeak eten ondoren”, Verter-ek, ekainean, kaltearen adierazgarritasun-txostena aurkeztu zuen, baina, uztailean, administrazioak zuzentzeko eskatu zuen.

Azkenean, azaroaren 11n, Verter-ek aurkeztu zuen txostenak honako hau ondorioztatzen zuen: “ez dago kalte esanguratsurik babestutako basa-espezieetan eta habitatetan, ez eta azaleko uretan ere”. Txostenak, berriz, badio kalte esanguratsuak daudela lurpeko uretan, baina “nitratoen gainditze puntual” batengatik baino ez, eta ezin izan dela zehaztu “kalterik badago lurzoruan, ezin baitira egin lurzoruaren kalitatearen ikerketa egokiak”.

Baieztapen horiek zalantzan jarri ditu Eusko Jaurlaritzak, eta Verter Recyclingi egotzi dio ingurumen-kalteen erantzukizuna, instalazioaren operadore den aldetik. Ingurumen-organoak emandako ebazpenak honako hau ondorioztatzen du: 

  1. VERTER RECYCLING 2002 SL enpresari egozten dio, instalazioaren operadore den aldetik, ebazpenean deskribatzen diren eta konpondu behar diren ingurumen-kalteen erantzukizuna; kalte horiek Zaldibar udalerrian dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izan den irristatzearen eta ondoren izan zen sutearen ondorioz gertatu dira.
  2.  VERTER RECYCLING 2002 SL enpresari eskatzen zaio kalte gehiago prebenitzeko edo saihesteko neurriak har ditzala. Orain arte hartzen joan diren neurriak dira; beraz, Eusko Jaurlaritzak horren inguruan hartutako erabakietan aurreikusitako neurri guztiak berresten dira.
  3. VERTER RECYCLING 2002 SL enpresari eskatzen zaio organo honen aurrean 10 egun balioduneko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita (epea beste 5 egunez luzatu daiteke, hala eskatzen bada), ingurumen-kalteak konpontzeko proiektua aurkezteko; proiektu horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren (abenduaren 22koa, urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legea zati batean garatzeko araudia onartzen duena) 20. artikuluan zehaztutako gutxieneko edukia jaso beharko du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak