Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzalu andrearen aburuz, antxoaren arrantza sendotu da, beraz, bermatuta dago kontserba industriaren hornidura

2011.eko ekainak 22

AZTI-Tecnaliaren Bioman azterlanaren arabera, antxoa populazioa 138.000 tonakoa da

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak esan bezala, Kantauri itsasoan, antxoa biomasa "izugarri hazi" da, ondorioz, populazioa 138.000 tonakoa da, hau da, kopururik handiena 1987tik, zientzia kanpainak egiten hasi zirenean.

Pilar Unzaluk gaur Bilbon aurkeztu ditu Azti-Tecnaliak maiatzean Kantauri itsasoko antxoa biomasari buruz egindako Bioman 2011 zientzia kanpainaren emaitzak. Aurkezpenean, Alicia Villauriz Ingurumena, Landa-ingurunea eta Itsasoko ingurunearen Ministerioko Itsasoaren idazkari nagusia, Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordea eta Rogelio Pozo AZTI-Tecnaliako zuzendari nagusia egon dira.

Sailburuak gogora ekarri du iazko Bioman azterlanaren arabera, behin-behineko antxoa biomasa 36.500 tonakoa zen, eta lehenengoz gainditu zen 2005etik babes biomasa (33.000 tona). Aurtengo datuen arabera, 2011n %278 hazi da 2010 urteari dagokionez.

"Hortaz, horrek esan nahi du Euskal Autonomia Erkidegoarentzat oso garrantzitsua den harrapaketa jarduera bat sendotzen dela, hau da, antxoaren kanpaina; gure merkatuan hain preziatua den arrainaren presentziari eusten zaio; Kantauri itsasoko antxoa hornidura bermatuta dago eta egonkorra da bertoko kontserba industriarentzat ere", Pilar Unzaluren hitzetan.

Esangura horretan gehitu du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela "Kantauri itsasoko antxoak -kalitate hobea du- merkatuetan eta kontserba industrian harrapaketa debekuaren urteetan galdu zuen espazioa berreskuratzeko".

AZTI-Tecnaliak egindako Bioman 2011 zientzia kanpaina eta Itsasoa Ustiatzeko Frantziako Institutuak (IFREMER) egindako azterlan akustikoa hartuko ditu kontuan Itsasoa Ustiatzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES/ICES) ekainaren 24tik 28ra bitartean Europako Batzordeari antxoaren harrapaketa kopuru baimenduari buruzko gomendioak helarazteko.

2011ko arrantza kanpainaren datuak

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak jakinarazi du 2011ko kanpainan 8.748.250 kilo antxoa harrapatu direla, ondorenez, aurreko urtekoa baino % 84,4 gehiago. Lonjan kiloko batez besteko prezioa 2,06 euro izan da eta 18.025.083 euroko salmenta lortu da lonjan.

Iaz, batez besteko prezioa 2,72 euro izan zen eta osoko salmenta kopurua 12,9 milioi euro izan zen, beraz, azken bi urteetan -antxoa harrapaketa berriz baimendu denetik-, sektoreak 30 milioiko sarrera izan du, •albiste ona da, zalantzarik gabe", amaitu du sailburuak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)