Tapiak eta Azpiazuk Sidenor enpresaren instalazio berriak bisitatu dituzte

2021-01-20

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburua eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua Sidenorrek Basaurin dituen instalazio berrien inaugurazio ekitaldian izan dira.

Tapiak enpresa zoriondu du garai bereziki zail honetan egindako inbertsio ahaleginagatik, eta berrikuntzaren aldeko bultzada emateko deia egin du. "Apustu horretan, Eusko Jaurlaritza aliatua izango da; izan ere, euskal enpresentzako 70 bat laguntza programa bideratuko ditugu, 432 milioi eurotik gorakoak, eta 2021eko aurrekontuak onartu ondoren aktibatuko ditugu", gaineratu du.

“Mehatxuen eta zailtasunen aurrean, enpresak ezin dira geldirik egon; erreakzionatu egin behar da, eta teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua da jarraitu beharreko bide bakarra”, azpimarratu du Ekonomiaren Garapeneko sailburuak.

Sidenorrek modernizazioaren eta lehiakortasunaren alde egin duen apustua eredu bat da, “heldua” den sektorea da, baina gaur hemen berrituta eta modernizatuta ikusten dugu, eta bere kalitateagatik eta berritzeko gaitasunagatik nazioartean lehiatzeko prest dago.

"Gaur egun enpresa modernoa ikusten dugu, -azpimarratu du Tapiak- , ez bakarrik ekoizten duen produktuaren kalitateagatik, baizik eta ekoizpen sistemetan egindako hobekuntzengatik, industriaren eta ingurumenaren iraunkortasunerako hain beharrezkoa den eraginkortasun energetikoa bereziki zainduta”.

Karbono-aztarna zaintzen duen eta ingurumen-jasangarritasuna baloratzen duen enpresa bat baizik ez da izango etorkizuneko enpresa.

Tapiak elektrointentsiboak ere aipatu ditu ekitaldian, euskal industriaren ezaugarri nagusia, neurri handi batean, kontsumo elektrikoa intentsiboa izatea baita.

“Eusko Jaurlaritza kontsumitzaile elektrointentsiboei buruzko Errege Dekretua aztertzen ari da, sektoreari gutxi laguntzen ari baitzaio, kontrakoa ere esan dezakegu: abenduko Errege Dekretuak ez dio industriari iraunkortasunaren aldeko ahaleginean laguntzen, eta, gainera, zigortu egiten du”.

Euskadin gaia landuko dugu, Estatuak industriari aplika diezazkiokeen konpentsazioak aztertzeko, Europar Batasunak berak baimentzen duen bezala. Beste Estatu kide batzuetan hori egiten ari dira, eta euskal industriak ez luke bidegabekeria hori paiaratu behar.

Azpiazuk, bere aldetik, gogoratu du: "Euskadik, Jaurlaritzak inoiz onartu duen aurrekonturik handiena izango du. Baliabide horiek susperraldi ekonomikoan eta enpleguan oinarritzen dira, eta, horrez gain, gure herrialdeko osasuna, hezkuntza eta gizarte-politikak bermatuko dituzte. 12.442 milioi euro; kopuru hori, ziurrenez, handitu egingo da ekonomia eraldatzeko eta zenbait politika publiko bizkortzeko Europako funtsak iristen direnean"

"Europako Susperraldi eta Erresilientzia Mekanismotik datozen Funtsak benetako bultzada traktorea izan beharko lukete, baldin eta estatu kideetatik modu egokian kudeatzen badira, begirada kirurgikoarekin, ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta baliabideen erakarpena optimizatzeko"."

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next programa onartu zuen abenduaren 29an. "Hasierako proposamen honetan, gure planteamendua Europar Batasunetik 5.700 milioi euro erakartzeko gai izatea eta 4 urtetan 13.000 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa mugiaraztea da. Zalantza barik, erronka handia da, eta kudeatzen jakin behar da. Administrazio publikoen eta enpresen aldetik".

"Euskadi Next ekimenak energia-trantsizio ekologikoaren, trantsizio digitalaren eta gizarte-kohesioaren erronkei aurre egiteko diseinatutako ekimen publikoen eta publiko-pribatuen multzo koherente eta sendoa biltzen du".

 "Inbertsio-programa horrek administrazioen arteko eta administrazioen eta eragile ekonomikoen eta sozialen arteko lankidetza eskatzen du, eta hori maila anitzeko benetako gobernantzan zehaztu behar da, subsidiariotasun-eta erantzunkidetasun-printzipioak baliatzeko, eskumen partekatuak edo propioak finantzatzen dituzten baliabideak diseinatzeko eta horiek gauzatzeko".

"Berriro esan gura dut -amaitu du Azpiazuk- otsailaren 8an onartuko dela aurreikusten den Susperraldi eta Erresilientzia Mekanismoaren Araudiaren azken zirriborroak, erreformak eta inbertsioak ezartzeko orduan eskualdeetako eta tokiko agintariak bazkide garrantzitsutzat har daitezkeela ezartzen duela, eta behar bezala kontsultatu eta inplikatu beharko liratekeela, legezko esparru nazionala kontuan izanda. Alde horretatik, Espainiako Estatua eta bertako Autonomia Erkidegoak eta indarrean dauden eskumenen banaketak Europar Batasunak aipatzen duen inplikazio horren beharraren adibide argia dira".

"Euskadik berretsi egin gura du, Europako baliabideak behar bezala kudeatzeko eta gauzatzeko, beharrezkoa dela eskualdeetako erakundeak ere protagonista izatea. Bestela, gu igo barik trenak aurrera egiteko arriskua izango dugu. Eta arrisku hori ezin dugu onartu".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak