Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz sailburuari elkarrizketa Radio Vitorian

2021-01-19

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Radio Vitorian elkarrizketatu dute gaur goizean, eta hezkuntzari zein berak zuzentzen duen sailari buruzko hainbat gai jorratu ditu bertan.

Sailburuak gogorarazi duenez, ikasturtearen hasieran Covid-19k eraginda ziurgabetasun handia izan bazen ere, lehen hiruhilekoan zehar honek ikasgeletan izan zuen eragina egonkortu egin zen, hezkuntzako profesionalen eta familien lan handiari esker; Bildarratzen hitzetan, familiek egunero-egunero helarazten dute hezkuntza-jarduera presentzialari eustearen garrantzia. Gaur egun, Euskadiko ikastetxeetan pandemiak itxitako ikasgela gutxi batzuk daude (55 ikasgela urtarrilaren 19an), baina Saila jakitu da kopuruak gora egin dezakeela, ikasgelak gizarte osoan gertatzen ari denaren isla baitira.

Emaitza horien atzean, Bildarratzek berretsi duenez, lan handia egiten ari diren profesionalak daude (irakasleak, zuzendaritza-taldeak, garbitzaileak), familiak eta baita ikasleak eurak ere, hauen adina edozein dela ere. "Proiektu hau aurrera ateratzen ari dira, eta gizarteak egiten duten lana onartu behar du, egonkortasun handia ematen baitiote gizarteari, hezkuntza aurrez aurrekoa ari dela izaten jakinda". Bildarratzek gaineratu du bere Sailaren helburua presentzialtasuna dela.

Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legeari buruz galdetuta, sailburuak azpimarratu du horrek ezberdinen arteko hitzarmen handi bat beharko duela, lege baten bidez gauzatzen den itun bat. "Baina agian legea gutxienekoa da, garrantzitsua izanda ere. Garrantzitsuena herri mailako itun handi bat lortzeko gai izatea da ", gaineratu du.

Hezkuntza Sailak atzo (urtarrilak 18) ireki eta hil honen 29ra arte irekia izango duen aurrematrikula garaiari buruz, berriz, sailburuak nabarmendu du oso aldi sentikorra dela hau ikastetxeentzat, eta garrantzi handikoa familientzat, batez ere lehen seme edo alaba inskribatu behar dutenentzat; izan ere, zein ereduren alde edo zein hezkuntza-proiekturen alde egiten duten erabaki behar dute familiek. Ildo horretan, Bildarratzek esan du berak zuzentzen duen sailaren lana zeregin horretan laguntzea dela, horretarako erraztasun guztiak emanez.

Era berean, Bildarratzek azpimarratu du euskal gizartean gertatzen ari den jaiotza-tasaren beherakadak aukera-tarte bat irekitzen diola hezkuntza-sistemari, eta horren aurrean gai izan behar dugula egokitzeko eta erreferentziazko izango den hezkuntza-eredu bat eraikitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak