Berriak Osasuna

Eusko Jaurlaritzak lehen mailako arretako administrazio-langileentzako berariazko osagarria onetsi du (Gobernu Bilera 2021-1-19)

2021-01-19
  •  Kategoria horri esleitutako ordainsariaren % 4 igotzea dakar 

Gobernu Kontseiluak, gaur, abenduaren 10ean Osakidetzaren Mahai Sektorialean hartu zen akordioa berretsi du; haren bidez, parekatu egiten dira Lehen Mailako Arretako administrazio-langileen eta Ospitaleko Arretakoen soldatak. Horretarako, Lehen Mailako Arretako administrazio-langileen ordainsaria % 4 areagotzeko osagarria sartu da. 

Neurri horrek urtean 1,5 milioi euro inguruko kostua eragingo du, horren inguruan eginiko memoria ekonomikoak dakarrenaren arabera, eta neurri hori hartzeko motiboa izan da Osakidetzan arreta integratuko ereduari bide emateko egin diren aldaketak. Aldaketa horien ondorioz, lehen bereizita zeuden laguntza-mailetako profesionalek –zehazki Lehen Mailako Arretaren eta Ospitaleko Arretaren kasua– eremu funtzional berean batu eta eginkizunak, zereginak eta espazio fisikoa partekatzen dituzte. 

Neurri hori berresteak babestu egiten du Eusko Jaurlaritzak Lehen Mailako Arretaren alde egiten duen apustua, eta beste urrats bat gehiago da, Osasun Sailak laguntza-eremu horren alde duen konpromisoaren erakusle, legealdi honetarako esparru estrategikoarekin bat etorriz. 

Eusko Jaurlaritzaren konpromiso horren adibide argi bat honako hau da: pasa den astean, Donostiako Aiete auzoko osasun-zentro berria ireki zen, eremuko herritarren eskariei erantzuteko eta, hala, zerbitzu irisgarria eta kalitatekoa bermatzeko herritarrei. 

Aurtengo urterako, bigarren urtez jarraian, Lehen Mailako Arretarako inbertsioetara 21 milioi euro bideratzea aurreikusten da; horrela, osasun-zentroetako zaharberritze- eta hobekuntza-lanekin jarraitu ahalko da, bai eta ekipamenduak modernizatzen ere.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 19a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko