Berriak Hezkuntza

Lankidetza-hitzarmena, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako hezkuntza-jarduerak garatzeko (Gobernu Bilera 2021-1-19)

2021-01-19

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimena eman du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Hezkuntza Sailaren eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko. Hitzarmen honen bidez, Hezkuntza Sailak burutzen dituen zenbait hezkuntza-jarduera Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzeko prozedura arautzen da. Jarduera horietarako aurreikusitako zenbatekoa 3.845.502 eurokoa da, eta honako hauek dira:

  • Lanbide Heziketaren kalitatea hobetzea
  • Lanbide Heziketa Duala
  • Gaitasun profesionalak ebaluatzea eta egiaztatzea
  • Lanbide Heziketako irakasleen prestakuntza, hobekuntza eta mugikortasuna
  • Hezkuntzaren aurrerapenerako eta laguntzarako orientazio- eta indartze-programa

Indarrean dagoen Europako araudiaren arabera, Europako funtsen kofinantzaketa %50ekoa da EAEren kasuan. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioa da Europako Gizarte Funtsen laguntzak kudeatzeaz arduratzen den erakundea, kasu honetan 2014-2020 aldirako (2023ra arte dago indarrean) Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzako Eskualde Anitzeko Programaren 3. ardatzean jasorikoak ("Hezkuntzan eta prestakuntzan egin beharreko inbertsioa" deituriko ardatza). Kofinantzatutako jarduera guztiak aipatutako ardatzeko 10. helburu tematikoan jasoak daude: "Gaitasunak eskuratzeko eta etengabeko ikaskuntzarako hezkuntzan, prestakuntzan eta Lanbide Heziketan inbertitzea" helburuan.

Europako Gizarte Funtsak Europar Batasun osoan finantzatzen ditu hainbat ekimen, hezkuntza eta prestakuntza hobetzeko, eta gazteek beren heziketa-zikloa osa dezaten eta lan-merkatuan lehiakorragoak izateko trebetasunak lor ditzaten bermatzeko. Ildo horretan, lehentasun nagusietako bat Lanbide Heziketak eta Unibertsitate Irakaskuntzak eskaintzen dituzten aukerak hobetzea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko