Pedro Azpiazu: "Osasun arloan behar diren baliabide guztiak jarriko dira egoera honetatik ateratzeko"

2021-01-20

Ekonomia eta Ogasun sailburu, Pedro Azpiazu, elkarrizketatu dute, gaur goizean, Herri Irratiko “Egun on Bizkaia” saioan.

Azpiazu sailburuak, 2021erako aurrekontuei dagokienez, adierazi du Gobernuak ahalegin handia egin duela, diru-bilketaren beherakada zorrarekin konpentsatuz. "Ez dugu baliabiderik urritu. Hala ere, gure zorra Estatuko baxuena da, gure kontuak saneatuta zeudelako ", gaineratu du. Gainera, gehien handitzen den partida Osasunekoa dela azaldu du. "Osasun arloan behar diren baliabide guztiak jarriko dira egoera honetatik ateratzeko", azpimarratu du.

Europako funtsei dagokienez, Pedro Azpiazuk aitortu du oraindik ez dakitela nola, noiz eta zenbat iritsiko diren, eta horregatik ez direla aurrekontuan sartu, "Iristen direnean egingo dugu", gaineratu du.

Aurrekontuen negoziazioari buruz galdetuta, Ekonomia eta Ogasun sailburuak azpimarratu du ez dela porrota izan, baina uste du une honetan atxikimendu handiagoak izatea garrantzitsua izango litzakela herritarrentzat, "baina ez da posible izan". Hala, azaldu duenez, Vox eta PP-Cs hasieratik baztertu zuten euren burua, eta EH-Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek, proposamenak aurkeztu zituzten arren, ez zen posible izan. Azpiazu sailburuak azpimarratu duenez, talde parlamentarioak ez dira aurrekontuaren aurka arrazoi zehatzengatik agertu eta osoko zuzenketak aurkeztu  badituzte euren jarrera defendatzeko aukera edukitzeagatik izan da. "Horrelakoa da politika", gaineratu du.

Aurreikuspen ekonomikoak ere izan ditu hizpide elkarrizketan. Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, 2020a % 9,5eko beherakadarekin amaitu da, baina baikor agertu da 2021era dagokionean, % 8,6ko hazkundea eta enpleguen susperraldia espero baitira. "Egoera aldatu ezean, 2021 urtea askoz hobea izango da", gaineratu du.

Bestalde, Azpiazu sailburuak azpimarratu du ez dela zergak igotzeko garaia, ekonomiarentzat negatiboa izango litzatekeelako. "Egoera gainditzen dugunean, aurreko erreforma fiskalaren ondorioei buruzko hausnarketa egingo dugu. Erabaki horiek ez dira arinegi hartu behar ", adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak