Berriak Lehendakaritza

Euskadik aurrera jarraitzen du txertaketa-prozesuan, bigarren txertoa bermatuz

2021-01-19
  • Euskadin 29.325 dosi eman dira, adinekoen egoitzetako pertsona guztiei lehen dosia eman zaie eta bigarrenarekin hasi da, eta osasun-profesionalen txertaketarekin hasi da

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin batera.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, Euskadik aurrera egiten jarraitzen du txertaketa prozesuan, "Elkartasunaren eta zuhurtziaren printzipioei jarraituz" eta beti bigarren dosia bermatuz. Hala, Euskadin 29.325 dosi eman dituztela jakinarazi du, adinekoen egoitzetan bizi diren pertsona guztiei lehen dosia eman diétela ziurtatu du eta bigarrenarekin hasi direla. Gainera, joan den ostiralean Osakidetzako osasun langileen txertaketarekin hasi zirela gogorarazi du. "Gaur egun 914 langileri jarri diegu txertoa", adierazi du.

Halaber, txertaketa-kanpainari dagokionez, Osasun sailburuak gogorarazi du dosien eskuragarritasuna ez dagoela Euskadiren esku, ezta Ministerioaren esku ere, baizik eta Europatik erosketa zentralizatua egiten dela. Gainera, Euskadira iritsi diren bi txertoen fitxa teknikoek, Pfizer-Biontech eta Moderna enpresek garatutakoek, txertaketa osoa bi dosi emanez egiten dela diote. Egoera horren aurrean, Sagarduik azaldu duenez, Euskadik txertoen kudeaketa zuhurtzian oinarrituta egitea erabakitzen du, materialaren kudeaketa egokia eginez, txertaketa egokia izan dadin. "Horixe egin dugu eta egiten jarraituko dugu hemendik aurrera; izan ere, estrategia egokia dela frogatu da, herritarren immunitatea bermatuko digu, baldin eta, edozein arrazoirengatik, hornidurarik ez badago. Beraz, berretsi egiten dugu txertaketa-kanpaina hasi zenetik dosien erdia gordetzeko estrategia", adierazi du.

Osasun sailburuak Euskadiko datu epidemiologikoak errepasatu ditu, eta adierazleek bilakaera kezkagarria erakusten jarraitzen dutela esan du, intzidentzia-tasak gora egiten jarraitzen duela eta datozen egunetan joerak gora egiten jarraituko duela azaldu du. Ospitaleei dagokienez, tentsioa nabaritzen hasi dela adierazi du. "Ziurgabetasun eta arrisku testuinguru batean jarraitzen dugu. Lehentasunezkoa da arduraz jokatzen jarraitzea, birusaren transmisioa geldiarazteko eta, ahal den neurrian, murrizteko ", azaldu du.

Gotzone Sagardui, era berean, azken baheketen emaitzak eman ditu ezagutzera.

Gobernu Kontseiluaren erabakiak

Bere aldetik, Zupiria bozeramaileak jakitera eman du Gobernu-Kontseiluak gaurko bileran onartu ditu Jaurlaritza osatzen duten Sail ezberdinen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duten dekretuak onartu dituela. Zehazki, Lehendakaritzaren eta beste honako Sail hauen antolaketa- eta funtzio-esparru berriak erabaki dira: Segurtasuna, Lana eta Enplegua, Gobernantza Publikoa eta Autogobernua, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak eta Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa.

Hezkuntza arloan, Hezkuntza Sailaren eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko oneritzia eman du Gobernu-Kontseiluak. Horrela, Hezkuntza Sailak burutzen dituen zenbait hezkuntza-jarduera Europako Gizarte Funtsekin kofinantzatzeko prozedura arautzen da eta jarduera horietarako aurreikusitako zenbatekoa ia 4 milioi eurokoa da.

Horrez gain, gaur onartu ditu Gobernu Kontseiluak Euskal Herriko Unibertsitatean erretore kargu berritzea burutzen duten dekretuak.

Bestalde, Osasuneko mahai sektorialean, 2020ko abenduaren 10ean, ELA, SATSE, LAB, SME, CC.OO eta UGT sindaktuen adostasunarekin, lehen mailako osasun-arreta zerbitzuetan, administrazio-arloetan ari diren langileentzako, kategoriari dagokion ordainsariaren %ko 4-ko osagarria onartu zuten eta gaur arrerabidea eman zaio diru-gehigarri horren aplikazioari.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak