Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak 735 akta ireki ditu COVID-19ari aurre egiteko prebentziozko neurriak ez betetzeagatik

2021-01-17

18 pertsona atxilotu dituzte gertakari ezberdinetan 

Ertzaintzak 735 isun-proposamen ireki ditu larunbatean eta gaur, igandea, goizaldean, Euskadin COVID-19ari aurre egiteko ezarritako arauak urratzeagatik. Bestalde, guztira hemezortzi pertsona atxilotu dituzte pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketekin erlazionatutako gertakari ezberdinetan. 

Larunbatean eta gaur, igandea, goizaldean, Ertzaintzak 735 akta ireki ditu COVID-19ari aurre egiteko prebentziozko arauak ez betetzeagatik. Bizkaian 329 isun jarri dituzte, Gipuzkoan 254 eta Araban 161. Horrez gainera, 18 pertsona atxilotu dituzte pandemiak eragindako murrizketekin erlazionatutako gertakari ezberdinetan: 10 Bizkaian, 7 Gipuzkoan eta 1 Araban.

Botiloiak, legez kanpoko festak eta desordena publikoak

Olaberrian, atzo, larunbata, arratsaldeko sei eta erdiak aldera, bertako padeleko pista batzuetan botiloia egiten ari ziren 24 pertsona identifikatu zituzten. Guztiei isun-proposamenak ireki zizkieten COVID-19aren aurkako araudia ez errespetatzeagatik.

Atzo arratsaldeko sei eta erdiak aldera, Ertzaintzak jakin zuen botiloia egiten ari zirela Irungo Meaka auzoko aparkaleku batean. Adierazitako lekura agertu ziren patruilek ehun bat gazte aurkitu zituzten alkohola edaten eta pandemiaren ondorioz ezarritako prebentziozko araudia urratzen. Dirudienez, sare sozialen bidez egin zuten elkarretaratzeko deia. Bertan zeudenetako askok ihes egin zuten botiloitik polizia ikustean, baina, hala eta guztiz ere, 46 pertsona identifikatu eta salatu zituzten gehienez elkar daitekeen pertsona-kopurua gainditzeagatik eta kalean alkohola kontsumitzeagatik.

Arratsaldeko zortziak laurden gutxi aldera, urtebetetze-festa bat topatu zuten Gasteizko San Antonio kaleko ostalaritza-establezimendu batean. Festan zeuden pertsonak ez zeuden eserita, eta, gainera ez zituzten seiko taldeak errespetatzen. Urtebetetze-festan zeuden guztiei jarri zizkieten isunak, bai eta lokalaren jabeei ere festa egiten uzteagatik; guztira 55 isun jarri zituzten.

Arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera, Ertzaintzaren patruila batzuk Mungiako Aita Elorriaga kalera agertu ziren, eta COVID-19ari aurre egiteko prebentziozko-neurriak errespetatzen ari ez ziren pertsona ugari aurkitu zituzten. Polizia ikustean, gazteren batek edo bestek agenteen aurka jo zuen, eta horietako bat, 19 urteko mutil bat, agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik atxilotu zuten.

Arratsaldeko zortziak aldera, Trinitate Plaza eta inguruak hustu zituzten, pertsona ugari baitzeuden bertan elkartuta botiloia egiteko asmoz. Plaza eta inguruak husten hasi zirenean, desordena publikoak sortu ziren eta objektuak bota zizkieten ertzainei, eta lau pertsona atxilotu zituzten agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik.

Gaur goizean, goizaldeko seiak hamar gutxi aldera, partikular batek jakitera eman du gau osoan musika entzun dela Bilboko Biarritz kaleko pabiloi batean. Adierazitako lekura agertu diren patruilek festa bat topatu dute pabiloi bateko atikoan, eta 36 pertsona identifikatu dituzte eta guztiei isun-proposamenak ireki dizkiete.

2 iruzkin
  • 2021-01-17

    Oraindik ere, zoritxarrez, gripeak nola jokatzen duen pentsatu behar du, eta ez du prebentzio-neurririk hartzen, telebistan ikusten ez diren irudiak jarri arren, eta, gainera, balioen gainerako krisiekiko errespetua falta bada ere.

  • 2021-01-17

    Todavía hay lamentablemente quien debe de pensar de como si de una gripe se tratara y no toma medidas preventivas pese a poner imágenes en televisión como que no se vean y además faltara el respeto a los y las demás crisis de valores.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko