
Bost atxilotu Bilboko lonja bateko legez kanpoko festa batean ertzainei eraso egiteagatik
Arrastatuetako bati sexu-abusuen delitua ere leporatu diote
Bilbao, 2021eko urtarrilaren 16a.
Ertzainek lonja bateko legez kanpoko festa batean parte hartzen ari ziren bost pertsona atxilotu dituzte goizaldean Bilbon. Arrastatuek lokalera agertu diren ertzainak jo dituzte identifikatu nahian ari zirela. Bestalde, atxilotuetako bati sexu-askatasunaren kontrako delitu bat ere leporatu diote, festan parte hartzen ari zen neska bati sexu-ukituak egiteagatik.
Goizaldeko bostak hamar gutxi aldera, emakume batek poliziaren laguntza eskatu du Bilboko Uribarri auzoan. Dirudienez, neska batek bere etxeko atezain automatikoaren txirrina jo du laguntza eskatuz, inguruko lonja bateko festan egon dela eta sexu-ukituen biktima izan dela esanez. Adierazitako lekura hurbildu diren polizia-dotazioek ahotsak eta musika entzun dituzte lonja batean, eta agenteek atea jo dute. Barruan zortzi mutil eta neska bat zeuden, eta hasieratik jarrera agresiboa eta desafiatzailea erakutsi dute ertzainen aurrean, eta haietako batzuk ez dute identifikatu ere egin nahi izan. Azkenean agente batzuk jo egin dituzte, eta lau gizonezko eta emakume bat atxilotu dituzte agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta.
Bien bitartean, lonjaren kanpoaldean emakume bat hurbildu zaie ertzainei neska gazte batekin, Ertzaintzaren laguntza eskatuz telefonoz deitu dutenak zirela esanez. Neskak agenteei esan die gau osoan lonjan egon dela, eta alde egin nahi izan duenean ez diotela utzi. Horrez gainera, ziurtatu du festan zegoenetako batek lokaleko zoko apartatu batera eraman duela eta sexu-ukituak egin dizkiola bere borondatearen kontra. Sexu-ukituak egin dizkion gizonezkoa atxilotuetako bat zen, eta sexu-abusuen delitua ere leporatu diote, beraz.
Atxilotuak 19 urtetik 24 urtera bitartekoak dira, eta dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.
Gertaeran esku hartu duten bi ertzainek osasun-laguntza behar izan dute, eta bat baja izan da.
Lau atxilotu Donostian eta Gasteizen
Bart, gauerdi aldera, ertzainak Donostiako Zumardi Pasealekura joan dira, hainbat pertsona borrokan ari zirela esanez abisua jaso ondoren. Handik hurbil, Zedroaren plazan, hiru gazte aurkitu dituzte, eta ustezko borrokarekin erlazionatuta identifikatu dituzte. Une horretan agenteek jakin dute horietako batek, 27 urtekoak, atxilotzeko errekisitoria bat zuela indarrean, eta arrastatu egin dute, beraz. Beste bi gizonezkoei etxera joateko agindu diete indarrean dagoen etxeratze-agindua betetzeko, baina hauek ez diete jaramonik egin eta inguruan dagoen lokal batera joan dira. Ertzainak bertara hurbildu dira, eta, hainbat pertsonaren ahotsak entzun dituztenez, atea jo dute. Barruan bost gazte zeuden, eta agenteek identifikatu egin dituzte. Horietako bik, 18 eta 28 urtekoak, etsaitasunezko jarrera erakutsi dute, eta agenteak jo ere egin dituzte. Azkenean atxilotu egin dituzte.
Bestalde, goizaldeko ordu bata inguruan, patruila batek gizon bat ikusi du Gasteizko Arriagako Atea kalean oinez. Agenteek geldiarazi eta identifikatzeko eskatu diote, ordutegian ezarritako murrizketak ez betetzeagatik isuna jartzeko. Pertsona horrek ez du bere identitatea eman nahi izan, eta agenteei bortxaz aurre egin die hauek miatzen saiatu direnean, eta, azkenean, agenteen kontrako desobedientzia eta jarkitze larria leporatuta arrastatu dute. Arrastatua 42 urteko gizona da.