Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

1.140.000 € bideratu dira enpresetan Teknologoak eta Ikertzaileak kontratatzeko (2011-06-21(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko ekainak 21

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak proposatuta, 1.140.000 €-ko laguntza-ildo bat onartu du Ikertu programarako, 2011ko eta 2012ko ekitaldietarako. Kopuru horrekin Euskadiko enpresei diru-laguntzak emango zaizkie teknologoak eta ikertzaileak kontratatzeko.

Ikertu programa 2009ko urrian jarri zen martxan interes estrategikoko enpresetan giza kapitala indartzeko, enpresa-lehiakortasuna garatzeko xedez, horixe baita Eusko Jaurlaritzak iaz onartu zuen Lehiakortasun Planaren ardatz nagusia.

Diruz lagundutako ekintzak bi motatakoak dira: giza kapital zientifiko-teknologikoa enpresetan eta enpresa-elkarteetan gaitzeko eta espezializatzeko laguntza; eta enpresetako I+G+B bultzatzea, langile ikertzaileak eta teknologoak kontratatuz. Azken hori bi kategoriatan banatuta dago: senior eta junior, eta bietan kontratatutakoek I+G+B proiektuetan aktiboki inplikatuta egon beharko dute.

Egoitza soziala edo I+G+B jarduerak garatzen dituen produkzio-zentro bat EAEn duten enpresak eta enpresa-erakundeak izango dira Ikertu programaren erakunde onuradunak, bereziki ETEak eta oinarri teknologikoko enpresa berriak (OTEBak).

Laguntza horien helburua enpresetako giza kapitala indartzea da, prestakuntza pertsonalizatuaren eta enpresan I+G indartzeko gazte ikertzaile eta teknologoen kontratazioaren bitartez, eta itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira, langile bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 20.000 euro izanik. Enpresa bakoitzak gehienez hiru eskaera aurkez ditzake modalitate honetarako.

Eskaerak aurkezteko epea 2011ko uztailaren 29an amaituko da, horretarako kontsignatutako kreditua lehenago agortzen ez bada.

Laguntza horiek erabat bat datoz 2010-2013 Lehiakortasun Planaren helburu nagusiarekin, hau da, Euskadi ekonomia irekia, berritzailea, teknologikoki aurreratua eta ekintzailea bihurtzea, eta gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik iraunkorra. Ikertuk Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarera talentuak erakartzea dakar, era horretan berrikuntzaren, teknologiaren, bikaintasunaren eta lehiakortasunaren ildotik lan eginez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan