Berriak Osasuna

Osasun-zentro berria Aieten, Donostiako 12.500 herritar baino gehiagoren osasun-arreta hobetzeko

2021-01-15
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • 5,15 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak osasun-zentro berria bisitatu du; haren bidez, Osakidetzaren irisgarritasuna hobetuko da eremu horretan eta Lehen Mailako Arreta eta Osasun Mentaleko sarea sendotu egingo dira

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur, Aieteko osasun-zentro berria bisitatu du, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuarekin, Rosa Pérez Osakidetzako Zuzendari Nagusiarekin, Itziar Pérez Donostialdea ESIko Kudeatzailearekin eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera.

Lan-bilera bat izan eta instalazio berriak bisitatu ondoren, Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak Aieteko osasun-zentro berria ireki izanak erakusten duela eremuko herritarrentzako osasun-laguntza hobetzen jarraitzen duela Jaurlaritzak, eta, aldi berean, Lehen Mailako Arreta sendotzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, osasun-sistemara sartzeko ate den aldetik.

Osasun-zentroak 6 solairu izango ditu, eta 2.500 metro koadro erabilgarriko azalera bat; haien bidez, osasun-arreta eremuko 12.500 herritar baino gehiagori hurbilduko zaie.

Eraikin berriak familia-medikuntzarako 7 kontsulta, pediatriarako 2 kontsulta, erizaintzako 8 kontsulta, sendaketa-gela 1, ateratze-gela 1 eta proba osagarrietarako beste bat, emakumeari arreta emateko arloa kontsultarekin, miaketa-gela eta taldeko jarduerak egiteko gela bat izango ditu. Era berean, zentroak eguneko arreta anbulatorioko bi unitate jasoko ditu: bat, Gipuzkoako 18 urtetik gorakoen arreta intentsiboko beharrei erantzuteko, eta bestea, 4 eta 11 urte bitarteko umeentzat. Guztira, 12 kontsulta izango ditu, taldeko tratamendurako zenbait areto, psikomotrizitate-arlo bat eta dagozkion laguntza-arloak. Unitate horrek psikiatra, osasun mentaleko erizainak, gizarte-langilea eta terapeuta okupazionalak ditu.

Osasun-zentro berriak, urtean, batez beste, honako hauek egingo dituela aurreikusten da:

  • Medikuntza Orokorreko 52.200 kontsulta eta Pediatriako 6.200.
  • Erizaintzako 27.800 kontsulta.
  • 10.500 ateratze.

Horrela, Aieteko auzo horretako herritarrak egiten ari diren eskariari erantzuten zaio; orain arte, Ondarreta, Amara Berri eta Amara Erdialdeko osasun-zentroetaraino joan behar zuten, pertsonal sanitarioekin kontsultak egitera. Osasun-zentro berria Donostiako osasun-zentroen sareari gehitzen zaio: 10 osasun-zentro, Donostiako EAG eta Martutene espetxea. Hala, Aietekoa 188.000 herritarri zerbitzu emateko hamaikagarren zentroa da.

Bestalde, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareak Aieteko osasun-zentroan aurretik bazeuden eguneko bi egitura anbulatorio lekualdatzen eta birkonfiguratzen ditu: Arreta Goiztiarreko Unitatea eta Eguneko Arreta Intentsiboko Unitatea, lehen Errehabilitazio Psikiatrikoko Unitatea zena.

Bi kasuetan, unitateak diseinatzeko, honako hauek ezarritako jarraibideei jarraitu zaie: Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) 2013-2020ko Osasun Mentalari buruzko Ekintza Plana, Euskadiko Osasun Plana, 2013-2020 Euskadirako Osasun Politikak eta 2018-2022ko Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearen Plan Estrategikoa bera.

Iñigo Urkullu Lehendakariak honako hau nabarmendu du: “Lehen Mailako Arreta sendotzea pertsonen osasun integralaren aldeko apustua egitea eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzea da”. Lehendakariak gogorarazi du “osasuna bermatzea” legegintzaldi honetarako Gobernu Programaren oinarri diren hiru printzipioetako bat dela, eta Lehen Mailako Arreta sendotzea ere Osasun Sailaren Esparru Estrategikoan presente dagoela. Gaur bisitatu duen osasun-zentro berria abian jarri izana Eusko Jaurlaritzak laguntza-maila hori sendotzeko duen konpromisoaren adibide argia eta zintzoa da; laguntza-maila horretara 21 milioi euro bideratuko dira, aurten instalazioak eta ekipamenduak modernizatzeko inbertsioetarako.

Azkenik, Iñigo Urkullu Lehendakariak Osakidetzako eta Osasun Saileko profesionalen lana goraipatu du; izan ere, egunero, haien lanari esker, herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua eraginkorragoa, hurbilagoa eta irisgarriagoa da.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 15a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak