Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren adierazpena EH BILDUren proposamenari erantzunez

2021-01-14

EUSKO JAURLARITZAK BAZTERTU EGIN DU EH BILDUK AURKEZTU DUEN ESKAINTZA, EZ DUELAKO NEGOZIATZEKO BENETAKO TARTERIK UZTEN

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Legebiltzarreko EH-Bildu taldeari jakinarazi ondoren, Eusko Jaurlaritzak ez duela koalizioaren proposamena onartzen jakinarazi du; izan ere, zuzenketa ekonomikoen bitartez aurrekontuan planteatutako politika publiko batzuk hobetu daitezkeela alde batera utzita, proposatzen den eskaintza sozio-ekonomiko integralak eta ekitaldi politiko integralak ez dute ekitaldi honetan elkarrizketa modu serioan jarraitzeko negoziaziorako benetako tarterik uzten, eta ez dute hobekuntza eta onura sozialik ekartzen. Eta, horrez gain, proposamenak ez du oposizioko alderdi batek 2021eko kontuei dagokienez izan behar duen zeregina ulertzeko errealismo politiko-ekonomiko nahikorik.

Horrela, EH-Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta berau osatzen duten alderdiei, sei orrialde eskasetan, euskal aurrekontuei buruz aurkeztu dizkien "politika integrala" proposamenak hiru ardatz ditu:

1) 2021erako aurrekontu-proiektua

2) NEXT GENERATION EU funts europarren kudeaketa

3) Fiskalitatea

Koalizioak onartu du proposamen horrek nabarmen gainditzen duela urteko aurrekontu-esparrua, eta epe ertain edo luzeko testuinguruan dagoela. Hitzez hitz, “politika publikoei ikuspegi berri bat” gehitzen du.

Jakina, legegintzaldi honetan kontuak aurrera ateratzeko gehiengo zabala eman dien euskal herritarren konfiantza duen Eusko Jaurlaritzaren ustez, aurrekontu-negoziazioari ekiteko onartu ezinezko eredua da, abiapuntu politizatuegia eta arranditsuegia delako.

EH-Bilduk badaki Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu-proiektuak ahalegin handia egiten duela osasun- eta hezkuntza-sisteman, baina badaki, halaber, Gizarte Zerbitzuak udalei eta foru-erakundeei dagozkiela, erakunde horiek dutelako arlo horretako eskumena.

Gainera, Euskadiko aurrekontuak ahalegin handia egiten du enpleguaren arloan eta, gazteen enpleguan, batez ere, baina euspenerako neurrien ondorioz jarduera mugatu behar izan duten sektore ekonomikoen “erreskaterako funts” bat ezartzea, diruzaintzako gerakinen kargura egongo den 200 milioi euroko zuzkidurarekin, guztiz ezinezkoa da.

Jaurlaritzak badu neurri asko biltzen dituen 542M/€-ko Covid funtsa. Ekitaldi honetan neurri horiek handitu daitezke, sor daitezkeen beharren arabera. Proposamenak Eusko Jaurlaritzaren eskumenetik kanpoko gaiak jasotzen ditu, 2019an gertatu zen bezala, pentsioak eta fiskalitatea, adibidez.

2. eta 3. puntuetan, Legebiltzarreko EH-Bildu taldeak ez die jaramonik egin Eusko Legebiltzarrak behin eta berriz egindako adierazpenei, instituzionalki ez dagokion garrantzia lortu nahian. Azpiazuk ondorioztatu duenez, “elkarguneak bilatzen jarraitzeko ia auto-bazterketako planteamendu baten aurrean gaude”.

Jaurlaritzaren helburua gutxieneko adostasun politikoa zabaltzea da, une garrantzitsu honetan herritarrei argi eta garbi iritsiko zaien aurrekontu-lankidetzako mezua emateko. Hori ez da bere proposamen ekonomikoekiko atxikimendu gisa ulertuko, eta ez da Jaurlaritzaren politika baldintzatzeko moduko sakontasun handikoa izango. “Eusko Jaurlaritzak aurrekontu hauek adosteko irekita jarraitzen du hori egiteko benetan prest daudenekin, eta badugu tartea”, nabarmendu du Azpiazuk.  

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 14a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak