qrcode

Lanbidek eraldaketa-prozesuari ekin dio kalitatezko enplegua erraztuko duen zerbitzu publiko eraginkorra lortzeko

2021-01-15

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak ostiral honetan iragarri duenez, Lanbide Hobetzen eraldatzeko eta hobetzeko prozesua hasiko da, eta horrek aldaketak ekarriko ditu bere egitura eta funtzionamendu osoan, kalitatezko enplegua sortzea erraztuko duen zerbitzu publiko baten erabateko eraginkortasuna lortzeko.

Elena Perez Barredo Enplegu sailburuordearekin, Gloria Mugica Lanbideko zuzendari nagusiarekin eta Alfonso Gurpegui Enplegu zuzendariarekin batera egindako agerraldian, Mendiak adierazi du aldaketa horien helburuak dagoeneko kontrastatu dituztela eragile sozial eta ekonomikoekin eta Legebiltzarreko talde guztiekin, eta Lanbideren administrazio-kontseiluaren barruan horretarako sortutako batzordeari aurrea hartu diotela.

Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan hartutako konpromisoetako bat da zerbitzu hori aldatzea, eta datozen asteetan onartuko den 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategia berrian beharrezkoak izango diren tresnen barruan kokatzen da. Baina aldaketak gauzatzen hasi dira.

Mendiak azaldu duenez, "Argi daukagu zein eredu eta norabidetan jarraitu behar dugun. Gaur emango dugu lehen urratsa Lanbideren antolaketa-egitura aldatzeko eta sare osoaren koordinazioa eta komunikazioa hobetzeko. Eragile sozial eta politikoek eskatzen dizkiguten politika guztiak gauzatzen asmatzea ahalbidetuko digun lehen urratsa da: lan bila ari diren eta aurkitzen ez duten 129.240 pertsonentzat eraginkorrak direnak, beste lan bat bilatzen ari diren 53.000 pertsonentzat eta laguntza zuzena eta gure enpresek aurre egin beharreko erronketarako orientazio egokia behar duten guztientzat eraginkorrak direnak ", azaldu du.

Lehendakariordeak gaineratu duenez, helburu horiek guztiak aurrekontuetan sartuta daude dagoeneko, eta horrek "Euskadik bizi duen eraldaketa prozesuari erantzuteko prestatutako zerbitzu publiko bat izateko balio behar digu".

Aurten, honako ardatz hauei ekingo zaie:

 

• Proiektu estrategikoak.

• Antolaketa-egitura berria.

• Esku hartzeko eta arreta emateko eredu berri bat.

• Programa berritzaileak.

• Programak birbideratzea enpresetara eta ekoizpen-sektoreetara.

• Enplegurako prestakuntza, ekoizpen-sareari begira

• Ekintzailetza digitala eta berritzailea

• Orientazio-eredu integrala.

• Prestazioen kudeaketaren eraginkortasuna.

• Eta gizarte-zerbitzuekiko lankidetza

 

Neurri zehatzen artean, lehendakariordeak Lanbideren estatutuetan aurreikusita zegoen baina orain arte garatu ez den koordinazio- eta komunikazio-unitate bat sortzeari buruz hitz egin du. Unitate horrek zuzendaritzen gidalerroak, informazioa eta kudeaketa gainerako erakundeetara bideratuko ditu, sare osoko erabakiei koherentzia emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak