Elkarlan Sariak
Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Arriola sailburuak eta Rementeria ahaldun nagusiak Bizkaiko metroaren 4. eta 5. lineetan egindako aurrerapenak aztertu dituzte

2021-01-13

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza lan-bilera bat egin du gaur Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Garraio sailburuarekin eta Pedro Marco Garraio sailburuordearekin, Bizkaian metroa hedatzen jarraitzeko. Foru Jauregian egin den bileran, metroko 4. eta 5. lineen egoera eta horietako lehenengoan izan diren berrikuntzak aztertu dituzte.

Bileraren ondoren, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, metroaren 5. linea Next Generation proiektuen artean sartzea eta Abando eta Zorrotza arteko 4. linearen proiektuan aurrera egitea ahalbidetu baitu. Arriolak adierazi duenez, lankidetza honen helburua da herritarrei garraio publiko modernoa, arina eta eraginkorra eskaintzea eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren mugikortasuna hobetzen jarraitzea, iraunkortasuna sustatze aldera. “Helburu hori —gaineratu du— nabarmen bermatzen du trenbide-aukerak, eta, bereziki, metroak, hiri-kontzentrazio handien esparruan, Bilboren eta haren eragin-eremuen kasuan bezala.

Sailburuak aurreratu duenez, zuzentzen duen sailak Zorrotzara doan metroko 4. linearen informazio-azterlanaren lehen fasea amaitu du. Azterketaren helburua Bilboko hegoaldeko auzoetan garraio publikoa hobetzeko irtenbideak zehaztea da, eta laster osatuko da, parte hartzeko prozesu zabal batekin.

Informazio-azterketaren fase honetan, Abandotik Zorrotzara doazen bi ibilbide-aukera jasotzen dira: batek, Renfe (lehengo FEVE) aldirien linea erabiltzen du eta funikularrak erabiltzen ditu Errekaldeko eta Iralako zentroak egungo aldiriko ibilbideekin lotzeko; besteak, berriz, aldiriko linea horren beste ibilbide-aukera bat planteatzen du, haitzulo motako bi geltokirekin bi hiriguneetan.

Azterketa hori parte-hartze prozesu zabal baten mende jarriko da, zeina otsailaren erdialdean hasiko baita. Prozesu horren bidez, lortu nahi da auzoetako biztanleek eta gizarte-eragileek bertatik bertara ezagutu dezatela prozesuan jasotako azterketa eta aukerak, eta gai horri buruz dituzten ideiak eta iritziak azaltzeko aukera izan dezatela.

Ahaldun Nagusiak gogorarazi du 5. linearen garapena Europar Batasuneko Next Generation programan sartutako funtsen emakidaren mende dagoela, eta, beraz, eskatu du funts horiek ez daitezela bihurtu “esne-saltzailearen ipuin berria”. Ildo horretatik, adierazi du bai Foru Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzak “ahal duten guztia” egingo dutela 5. linea garatzeko diru hori lortzeko; hala ere, argitu du bi erakundeek ezin dutela proiektu hori aurrera atera epe laburrean Europaren babesik gabe, pandemiaren ondorio ekonomikoek administrazioen aukerak baldintzatu baitituzte.

Hala, Rementeriak bi Administrazioak batera egiten ari diren lana nabarmendu du eta errealismo-ariketa bat egiteko deia egin du, nahiz eta onartu duen proiektu honi dagokionez egoera orain dela hilabete batzuk baino hobea dela. “Egintzak ditugunean, erabakiak hartzen jarraituko dugu elkarrekin. Horixe da agindua. Ez dute ezertarako balio itxaropen faltsuek, sobera dakigu hori, eta batez ere proiektu honetan. Berriro diot: aukera bat daukagu eta ahal dugun guztia egingo dugu hori baliatzeko. Baina momentuz ez daukagu ezer, beraz, lanean jarraitzea besterik ez zaigu gelditzen, eta horretan dihardugu. Eta hau ez da ezkorra edo baikorra izatea, errealista izatea baino. Eta nik uste errealismo hori errealismo baikorra dela, duela hilabete batzuk baino askoz hobeto baikaude: proiektu adostu bat dugu, Metro sarea, Galdakao, Usansoloko Ospitalea eta Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotrenen sarea lotzen dituena. Adostuta daukagu proiektu hau % 50ean finantzatuko dugula —Metroko aurreko sare guztia bezala—, Euskotrenek kudeatuko duela eta maiztasunak Metroko berberak izango direla. Hobeto gaude, baina oraindik Europaren oniritzia falta zaigu. Eta Europarik gabe, proiektu hori ez da bideragarria epe laburrean. Ez dakit etorkizunean, ekonomiak gora egiten duenean, baina epe laburrean, behintzat, bai”, adierazi du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak; eta honako hau gaineratu du: zalantzak gorabehera, “ziur nago Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gure esku dagoen guztia egingo dugula. Guztia”.


5. linea

5. lineari dagokionez, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak dagoeneko definituta dagoen proiektu bat izateko aukera baliatu zuten, zeinak onarturiko ingurumen-baimena baituen metroaren hedapen garrantzitsu horrek Europar Batasunaren finantziazioa izan dezan eskatzeko; hori, une honetan, ezinbesteko baldintza daproiektua garatzeko.

Hala, 2012ko ibilbide-proposamena eguneratu egin da eta “ezin hobea da behar den funtzionaltasunaren eta zerbitzua jasotzen duen biztanleriaren ikuspuntutik”, ETS euskal trenbide administratzaileak darabilen azterlanak jasotzen duenaren arabera; eta konpromisoa hartu da Euskal Trenbide Sareak ere, berehala, zati berri hori Busturialdeko eta Durangaldetik datorren Euskotrenen sarearekin lotzeko beharrezko lanak abiarazi ditzan. Konpromiso honen helburua da zerbitzua ematea Bizkaiko ahalik eta pertsona eta herri gehienei eta, horrela, garraio publikoaren eta baliabide publikoen eraginkortasuna areagotzea.

5. lineak Etxebarriko geltokitik Galdakaora eta Usansoloko ospitalera doan metro-sarea hedatzen du, 6,6 kilometroko luzerarekin. Hemendik, Euskotrenen egungo sarearekin lotuko da, obraren gainerako zatiarekin batera abian jarriko den fase batean. Metroaren luzapen berri hori Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko dute berriro (% 50ean), eta, Europako funtsen planean sartuz gero, lizitaziora atera liteke 2021. urtearen amaieran edo 2022. urtearen hasieran, baliabideak iristen diren unearen arabera.

ETSren eraikuntza-proiektua hiru zatitan banatuta dago, eta horri laugarren bat gehituko zaio: Busturialdeko eta Durangaldeko lineekin lotura egingo duena. Lehenengoa, 2.350 metroko luzerarekin, Euskotrenen Matiko-Amara linearen desbideratze gisa sortu da, aire zabalean, Etxebarriko geltokiaren ondoren. Hala, 3. linearen jarraipen bat izango da; hortaz, 5. linea ere Euskotrenek kudeatuko du, zeinak operazio-gastuak ere hartuko baitituen bere gain. Metro batzuk aurrerago, Sarratuko geltoki intermodala (Basauri) eraikiko da, estalitako azaleran, Euskotrenen eta Metro Bilbaoren arteko trukerako terminal gisa. Hortik aurrera, ibilbidea lur azpitik joango da, osorik.

2. tarteak bi kilometroko luzera du eta Galdakaoko erdigunean amaituko da, haitzulo motako geltoki batekin, Metro Bilbao motakoa, Plaza Gorrian.

Tarteari amaiera hori emango zaio beharrezkoa delako, Galdakao Erdialdeko geltokia gainditu ondoren, bretelle bat (diagonal bikoitza) sartzeko adinako luzera izatea, maniobretarako trenbidea aldatzeko eta unitate bat aparkatuta eduki ahal izateko. Hori guztia geltokiak behin-behineko linea-amaiera gisa funtzionatu ahal dezan.

Hirugarren tarteak, bi kilometro baino zertxobait gehiago duena, tunela zeharkatzen du, Galdakao-Usansoloko Ospitaleko geltokia baino pixka bat aurrerago dagoen puntura arte; hau ere haitzulo motakoa izango da.

Ospitaleko geltokiaren eta Durango eta Bermeotik datorren Euskotreneko linearen arteko lotura, linea honen azkenengo zatia, obren hasierarekin batera abiaraziko da, eta berehala hasiko dira hura eraikitzeko lan tekniko guztiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)