Berriak Osasuna

Jose Luis Quintas Osasun Sailburuorde berria izango da

2021-01-12

Quintasen ibilbide profesionalak 33 urteko esperientzia hartzen du osasun-zerbitzuen ikuskapenean, kudeaketan, zuzendaritzan eta plangintzan, bai eta bioetikan ere

 

Gobernu Kontseiluak Jose Luis Quintas Diez Osasun Saileko Osasuneko sailburuorde izendatu du gaur, Gotzone Sagardui sailburuak eskatuta.

José Luis Quintas (1957) Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua da (1982) eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko Bioetika masterra du (2006-2007). Bere ibilbide profesionalak 33 urteko esperientzia hartzen du osasun-zerbitzuen ikuskapenean, kudeaketan, zuzendaritzan eta plangintzan.

Gaur egun, eta duela 10 urtetik, Osasun Saileko Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariordearen lanpostua betetzen ari da. Lanpostu horretan, besteak beste, honako eginkizun hauek bete ditu: pertsona guztiei osasun-laguntza jasotzeko eskubidea unibertsala dela bermatzeko araudia edo jarraibideak garatzea; sendagaiak atxikitzeko laguntzetarako arauak eta informatika garatzea (Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoari aurre egiteko); Osakidetzaren programa-kontratua koordinatzea; edota aurretiazko borondateen programa hedatzea, besteak beste.

Nabarmentzekoa da 2013-2020 Osasun Plana edo Euskadiko 2017-2020 Zainketa aringarrien Plana egiten parte hartu duela. Era berean, José Luis Quintasek hainbat jarduera-gida, protokolo eta plan koordinatu ditu, besteak beste, honako hauek: "Euskadiko Osasun Sisteman pertsonen eskubide eta betebeharren deklarazioa" (2015); "emakumeen mutilazio genitala" (2016); "transexualitate-egoeran dauden pertsonei arreta integrala emateko gida" (2016); "genero-indarkeriaren aurrean osasun-arloko profesionalentzako jarduera-gida" (2019); edo “Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen duintasun eta eskubideen legearen ebaluazio eta jarraipena” (2016).

Duela bost urtetik hona, Etika Asistentzialeko Batzordeak Egiaztatzeko Komitearen presidentea da.

COVID-19 pandemiaren testuinguruan, boluntarioen koordinatzaile eta gizarte-eremuarekiko solaskide izendatu zuten, eta pandemiari erantzuteko osasun-baliabideak, hotelak eta establezimenduak erabiltzearen eta kontratatzearen arduraduna ere izan zen.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 12a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko