Berriak Lehendakaritza

Sánchez presidentea eta Urkullu lehendakaria otsailean bilduko dira bi Gobernuen interesekoak diren gaien inguruan akordio-bideak sakontzen jarraitzeko

2021-01-12

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Bingen Zupiriak, jakitera eman du, Gobernu Kontseiluaren urteko lehen bilkuran, lehendakariak aurretik dauden hilabeteen gaineko gogoeta egin duela, Gobernuak datorren aldi honetarako esku artean dituen lanen errepasoa eginez.

Horrela, azaldu du Gobernua osatu zenetik ehun egun igaro direlarik, Eusko Jaurlaritzak eskura dituela bere jardunaren nondik norakoa gidatuko duten plangintza eta konpromiso nagusiak: Gobernu programa, eta, horrekin batera, Lege asmoen bilduma eta Plan Estrategikoen inguruko erabakia. Zentzu honetan, zehaztu du hilabete batean onartuko direla sailen Egiturak finkatzen dituzten dekretuak; eta otsailaren 11rako dagoela aurreikusia Eusko Legebiltzarrak 2021eko aurrekontua onartzea. Horrez gainera, gogorarazi du onartuta eta abiarazita daudela Berpiztu programa eta Euskadi Next proiektua. "Gure iritziz egitasmo guzti horiek sendotasuna eta anbizioa ematen diote Jaurlaritzaren jarduerari eta sailez sail egin beharreko lanak modu zehatzean finkatuta geratu dira", adierazi du.

Era berean, Zupiria sailburuak nabarmendu du urte honetarako zehaztuta geratu dela Espainiako Gobernuaren aldetik Gernikako Estatutua erabat betetzeko hitzartu diren lehentasunak eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren asmoa eman behar diren pausu guztiak ematea dela, modu adostuan gure Autogobernuan aurrera egiteko.

Lan guzti hauekin batera, Bingen Zupiria bozeramaileak ziurtatu du Gobernuak etengabeko jarraipena egingo diola osasun egoerari eta COVID gaixotasunari aurre egiteko hartu beharreko erabaki guztiak hartuko dituela. "Osasunarekin batera, ekonomiaren sarea martxan mantentzea enpleguari eusteko eta aurrez aurreko ikaskuntza bermatzea helburu nagusiak dira Jaurlaritzarentzat. Baita herritarren ongizatea eta gehien behar dutenei babesa bermatzea", gaineratu du.

Helburu guzti hauek aurrera ateratzeko, sailburuaren iritziz behar beharrezkoa izango da erakunde guztien arteko gobernantza zintzoa, lankidetza publiko-pribatuaren eredua jorratzea eta gizartearekin harreman sarea indartzen jarraitzea. "Erakundeak gobernatzeko erantzukizuna duten arduradun guztien arteko elkarlana behar beharrezkoa izango da aurrean dauzkagun erronkei aurre egiteko. Hau da auzolana. Auzolana Jaurlaritza, Aldundi eta Udalen artean. Auzolana Legebiltzarrarekin. Auzolana Estatuko gobernuarekin", esan du.

Zentzu honetan, eta joan den larunbatean telefono bidez Sanchez presidenteak eta Urkullu lehendakariak izan zuten solasaldiaren ondoren, bozeramaileak jakinarazi du bidea zabalik geratu dela aurrez aurreko lan-bilera bat egiteko. Otsailean elkartzea aurreikusi dute presidenteak eta lehendakariak, bi Gobernuen interesekoak diren gaien inguruan akordio-bideak sakontzen jarraitzeko.

Gobernu Kontseiluaren erabakiak

Gobernu Kontseiluaren bileran hartutako erabakiei dagokienez, Bingen Zupiriak jakitera eman duenez, gaurko Gobernu kontseiluak oniritzia eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketako Erregelamendu berria onartzen duen Dekretuari. 1998ko azaroan jarri zen indarrean diru-bilketa kudeatzeko erregulazioa eta erregulazio hori arautzen zuen dekretua; eta, Zupiria bozeramailearen iritziz, beharrezkoa zen erregelamendu berri hau garatzea, batetik arau- eta jurisprudentzia-esparruan gertatu diren aldaketetara egokitzeko eta, aldi berean, antolaketa aldetik, gardentasunaren ikuspegitik eta baliabide elektronikoen erabilerak eskatzen dituen baldintza eta betebeharren aldetik ere bai. 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak