Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Uda osasuntsu pasatzeko gomendioak

2011.eko ekainak 21

Osasun eta Kontsumo Sailak zenbait gomendio eman nahi dizkizue, osasunari eragin diezaioketen arriskuak saihesteko

Uda hasi da, eta, horrekin batera, bizitza-ohiturak aldatu ohi ditugu; hori dela eta, urteko beste garaietan hain ohikoak ez diren arriskuek gure osasuna kaltetu dezakete.

Aire zabaleko jarduerak egiten ditugunean, eguzkitan jartzen garenean, elikadura aldatzen dugunean eta igerilekuetara eta hondartzara joaten garenean, gogoan izan behar ditugu aholku batzuk gure osasunari eragin diezaioketen arriskuak prebenitzeko, hala nola azaleko erredurak, intoxikazioak, gaixotasunak eta istripuak.

Prebenitzea osasuna luzatzea da, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak gomendio batzuk jakinarazi nahi ditu, udaz segurtasunez gozatzeko.

Larruazal bakarra dugu, eta bizitza osorako da

Eguzkia lagun ona dugu: D bitamina hartzen laguntzen du, hezurren kaltzio-xurgapena areagotzen du eta errakitismoa eta osteoporosia prebenitzen ditu.
Baina eguzki gehiegi hartzeak, larruazala erretzeaz gain, beste kalte batzuk eragiten ditu, esaterako: zimurrak, zahartze goiztiarra eta minbizia.

Hona hemen efektu kaltegarri horiek prebenitzeko egin beharrekoa:

 Lehenengo egunetan, pixkanaka luzatzen joan eguzkipean gauden denbora.
 Eguerdiko 12:00ak eta arratsaldeko 17:00ak bitartean, ez jarri eguzkitan zuzenean.
 Estali burua eta babestu begiak eguzkitako betaurrekoekin.
 Erabili gure larruazal-motaren araberako eguzkitako krema.
 Egiaztatu kremak UVB eta UVA izpietatik babesten duela.
 Gogoan izan eguzkitik babesteko kremek iraungitze-data dutela.
 Behar adina krema eman eguzkipean jarri baino ordu erdi lehenago (nahiz eta lainotuta egon), eta berriz eman bi edo hiru orduan behin.
 Eguzkitan etzanda egon beharrean, paseatu eta mugitu.
 Likido ugari edan, batez ere ura.
 Gogoratu botika batzuk erreakzioak eragin ditzaketela horiek hartzen ari garela eguzkitan jartzen bagara.

Haurren kasuan, muturrera eraman behar dira neurri horiek, eta horrez gain:
● 3 urtetik beherakoek kamiseta eta txanoa eraman behar dute beti.
● Aldian-aldian ura edanarazi behar zaie.
● Ez jarri eguzkitan 6 hilabetetik beherakoak, jantzita egon arren.

Goza dezagun hondartzez eta urtegiez inolako arriskurik gabe

Jolasteko, ongi pasatzeko eta aisialdirako eremuak dira hondartzak eta urtegiak. Horietan paseatzea eta igeri egitea gure osasunerako jarduera onuragarriak dira. Modu osasuntsuan erabili eta gozatu ahal izateko, hondartzek eta urtegiek higiene- eta osasun-baldintza onak izan behar dituzte, eta ezinbestekoa da erabiltzaileen laguntza horiek hondatu ez daitezen.

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak gure erkidegoko bainuguneen osasun-zaintza egiten du. Hala, hondartzen eta urtegien egoeraren berri ematen digu etengabe, eta arriskutsuak izan daitezkeen tokiak eta egoerak identifikatzeko aukera dugu.

Halaber, beharrezkoa da aurrez neurriak hartzea istripuak eta lesioak ekiditeko, ebakiak, zauriak, marmoken ziztadak eta traumatismoak kasu.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da gomendio hauek kontuan hartzea:

 Sorosleen aholkuei kasu egin eta horiek errespetatu. Gogoan izan gure segurtasuna zaintzeko daudela.
 Jarraitu beti hondartza bakoitzean uraren kalitateari dagokionez ezarritako oharrei.
 Errespetatu seinaleak (bainu librea, kontuz bainatu edo bainua debekatuta) eta banderen kolorea.
 Ez bainatu bainua debekatzen duen seinalea edo bandera gorria badago.
 Kontuz bainatzeko adierazten bada, denbora laburrez egon behar gara uretan, eta, ondoren, edateko urarekin dutxatu behar gara.
 Bandera horia egonez gero, ez gara ur sakonean sartu behar, eta ez dugu gehiegi balioetsi behar gure igeri egiteko ahalmena.
 Uretara pixkanaka sartu; batez ere, eguzkia hartu ondoren, bero handiko egunetan, ariketa fisiko bizia egin ondoren eta bazkari oparoa egin ostean.
 Digestio-denbora errespetatu.
 Marmokak badaude, ez bainatu. Hondarrean egon arren, ez itzazu ukitu, ezta tentakuluak ere, hilik egonda ere ziztatu baitezakete.
 Marmoka batek ziztatzen bagaitu, sorosleen postura joan behar gara. Ez da inoiz ur gezarik bota behar ziztadaren tokian, eta ez da hazkatu edo igurtzi behar.
 Bainatu ostean, dutxatu.
 Oinetako egokiak erabili, bereziki, arrokak dauden tokietan.
 Zauriak modu egokian tratatu: garbitu eta desinfektatu.
 Ez jan hondartzan; jateko asmoa badago, beroarekin hondatzen ez diren janariak eraman.
 Eguzkitan egoteak aurrez aipatutako neurriak hartzea eskatzen du.
 Hondartzak garbi izan: paperontziak eta komunak erabili. Ez bota zigarrorik, ontzirik edo kristalik.


Hondartzez eta urtegiez gain, eguraldi onarekin igerileku publikoak zein komunitarioak ere jendez betetzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak horien osasun-kontrola egiten du: uraren kalitatea, uraren tratamendua eta instalazioen mantentzea kontrolatzen ditu.

Higienea osasuna da, eta osasuna guztion kontua da

Igerilekuak erabiltzerakoan, hainbat neurri hartu behar ditugu kontuan gure osasuna babesteko:

 Uraren tratamenduak, batzuetan, mina eragin dezake begietan eta belarrietan. Begiak narritatuz gero, betaurrekoak erabili behar ditugu, eta, belarrietan mina izanez gero, medikuarengana joan behar dugu.
 Bainatu aurretik eta ostean dutxatu behar gara.
 Komunak helduek eta haurrek erabili behar dituzte, igerilekuetako ura garbiagoa mantentzeko.
 Ez bainatu gaixotasun kutsakorren bat baldin badugu edo larruazalean zauriak baditugu.
 Txanoa eta txankletak erabili onddoak saihesteko.
 Txankletak, txanoa eta eskuoihala norberaren objektuak dira eta ezin dira trukatu.
 Hondartzan eta urtegietan bezala, igerilekuan bainatzerakoan ere pixkanaka sartu behar gara uretara, batez ere, eguzkia hartu ondoren, bazkari oparo baten ondoren edo ariketa fisikoa egin ostean.
 Eguzkitan egoteak aurrez aipatutako neurriak hartzea eskatzen du.

Elikadura zaintzea osasun-iturri da

Udan jaten dira produktu gordin gehien, eta, beroak eraginda, germenak errazago azaltzen dira janarietan; horregatik, prebentzio-neurriak indartu egin behar dira. Gaixotasun batzuk ekiditeko, nahikoa da janarien manipulazioan eta ekoizpen-prozesuan beharrezko neurriak hartzea.

Hona hemen egin beharrekoa:

 Eskuak garbitu behar ditugu janariak prestatu eta jan aurretik.
 Fruituak eta barazkiak ur ugarirekin garbitu behar ditugu gordinik kontsumitu aurretik.
 Arrautzak arreta berezia eskatzen du, germenak hazteko ingurune ezin hobea baita. Ez kontsumitu arrautza hautsirik. Etxean egindako maionesa, gehienez ere, 24 ordu egon daiteke hozkailuan. Ondo egin behar da tortilla, eta arrautzak irabiatzeko erabili ez diren platerean eta sardexkarekin zerbitzatu behar da.
 Ez edan kontrolatu gabeko iturrietako edo iturburuetako ura.
 Hotza behar duten janariak mendira edo hondartzara eramateko (tortillak, entsaladilla, urdaiazpiko egosia, mortadela eta abar), hozkailu txiki bat edo poltsa isotermiko bat erabili behar dugu.
 Erosketak egiterakoan, janarien iraungitze-data ikusi behar dugu.
 Hozkailuan, elikagai bakoitzak bere lekua behar du, elkarri ez kutsatzeko.
 Janari galkorrak (haragia, arraina, esneki batzuk) eta arrautza dutenak (tortillak, entsaladilla eta abar) hotzean gorde behar dira.
 Janari izoztuak poltsa egokietan eraman behar ditugu, ez desizozteko; janariren bat desizoztuz gero, berehala jan beharko da, eta inoiz ez izoztu berriro.

Zure osasuna babestu ozonoaren eraginetatik

Udan, ozonoaren kontzentrazioa handitu egiten da, arnasten dugun airean kontzentrazio txikian agertzen den arren.
Kontzentrazioak gora egiten duen heinean, kanpoko jarduerak egiten dituzten pertsonen osasunari eragin diezaioke, bereziki, haurren, pertsona nagusien edo ozonoarekiko sentikorrak diren pertsonen osasunari. Arnasteko arazoak ager daitezke edo asma biziagotu; narritadura txikiak eragiten ditu begietako eta arnas sistemako mukosetan, eta horrek eztula eta eztarria lehortzea eragiten du.

Esposizioa saihesteko, hau gomendatzen da:

 Ozono-maila altuak erregistratzen direnean eta ahalegin fisiko handia eskatzen duen jardueraren bat egiten denean, gomendatzen da jarduera horren denbora murriztea edo neurrizko ahalegina eskatzen duen beste batekin ordezkatzea (adibidez, paseo bat ematea korrika egin ordez).
 Ozono-maila baxuagoa denean antolatu behar dira aire zabaleko jarduerak (goizean edo ilunabarrean).
 Alerta-egoera badago edo kutsadura-maila handia bada, ez egin ahalegin fisikoa eskatzen duen kanpoko jarduerarik.


Osasun eta Kontsumo Sailak aholkatzen du gomendio horiek guztiak jarraitzea eta kontuan hartzea, osasuna babesteko eta eguzkiaren eta naturaren onurez ahal bezain beste gozatzeko.

 

5 iruzkin
  • @bazkuna
    2011.eko ekainak 23

    Comentario de Twitter:
    MÁS VALE PREVENIR QUE LAMENTAR: Recomendaciones para disfrutar de un verano saludable http://t.co/CaTzf6X

  • @osasunagoiena
    2011.eko ekainak 22

    Comentario de Twitter:
    Aholkuak udararako RT @Osarean: RT @alfrealday: Recomendaciones para un verano saludable http://www.irekia.euskadi.net/es/news/6612

  • @Osarean
    2011.eko ekainak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @alfrealday: Recomendaciones para disfrutar de un verano saludable http://t.co/heOkYj6 @osakidetzaEJGV @Irekia @ricardodevis #Osarean

  • @alfrealday
    2011.eko ekainak 21

    Comentario de Twitter:
    Recomendaciones para disfrutar de un verano saludable http://t.co/heOkYj6 @osakidetzaEJGV @Irekia @ricardodevis #Osarean

  • @infonagusi
    2011.eko ekainak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @osakidetzaEJGV: Recomendaciones para un verano saludable http://bit.ly/jlCfv8

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan