Berriak Segurtasuna

Elorrio, txakurrarekin paseatzen ari zen gizon bat harrapatu du auto batek

2021-01-10

Asteburu honetan Ertzaintzak zazpi gidariri ireki dizkie eginbideak alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik

Elorrio, 2021eko urtarrilaren 10a

Gaur, igandea, Elorrioko herrigunean txakurrarekin paseatzen ari zen 54 urteko gizon bat zaurituta geratu da auto batek harrapatu ondoren. Zauritutako gizona Galdakaoko ospitalera eraman dute pronostiko erreserbatuko zauriekin, eta txakurra, zauriak zituenez, albaitari batengana eraman dute. Bestalde, lur orotako ibilgailu bat trenbidera erori da gaur eguerdian Gipuzkoako Ikaztegieta herrian. Bestalde, asteburu honetan Ertzaintzak zazpi gidariren aurkako eginbideak hasi ditu alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik.

 

Gaur, igandea, izan den istripurik aipagarriena Bizkaian, Elorrioko herrigunean, gertatu da. Arratsaldeko 19:15 aldera Elizburu kalean txakurrarekin zihoan 54 urteko gizon bat auto batek harrapatu du. Gizona zaurituta geratu da eta Galdakaoko ospitalera eraman dute pronostiko erreserbatuko zauriekin. Gizonarekin zihoan txakurrak ere kolpea hartu du istripuan, eta albaitariarengana eraman dute zauriak sendatzera.

Gaurko beste istripu aipagarri bat eguerdian, 13:20an, gertatu da Gipuzkoako Ikaztegieta herrian. Ertzaintza argitzen eta ikertzen ari den arrazoiak tarteko, San Lorentzo kaletik zihoan Mitsubishi lur orotako ibilgailu bat errepidetik atera eta trenbidera erori da. Gidariak zauri arinak izan ditu, eta ospitalera eraman dute. Istripuaren ondorioz, eta garabi-beso batekin ibilgailua trenbidetik erretiratzen zuten bitartean, une batez eten egin behar izan da trenbideko trafikoa.

 

Alkoholemien balantzeari dagokionez, asteburu honetan Ertzaintzak gidari bat atxilotu du bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik. Atzo, larunbata, gaueko 23:30 aldera, akusatuak hainbat semaforo pasa zituen gorrian, argiak piztu gabe zirkulatu zuen eta kontrako noranzkoan gidatu zuen Bizkaiko hiriburuko hainbat kaletan. Bestalde, Ertzaintzak beste sei gidariren aurka eginbideak hasi ditu, eta ikerketapean geratu dira, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat leporatuta, egin zaizkien alkoholemia-eta droga-probetan tasa positiboak eman ondoren Bilbon, Erandion, Lemoan, Lekeition, Arrasaten eta Urkabustaizen. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko