Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu Donostiako taberna batean lapurtzeagatik

2021-01-06

Donostia, 2021eko urtarrilaren 6a

Ertzainek hiru gazte, 18 urteko bat eta 24 urteko bi, atxilotu zituzten atzo, asteartea, gauean, Martutene auzoko taberna batean indarrez lapurreta egitea leporatuta. Lapurrak inor bizi ez den aldameneko etxebizitza bateko atzeko atetik sartu ziren lokalean.

Atzo gaueko hamar eta erdiak aldera, Ertzaintzari jakinarazi zioten dirudienez hainbat pertsona Donostiako Martutene auzoko taberna batean lapurretan egin nahian ari zirela.

Ertzaintzaren hainbat patruila berehala agertu ziren adierazitako lekura, Gipuzkoako hiriburuko Martutene pasealekura. Lehenengo iritsi zen patruilak egiaztatu zuen tabernako kutxa erregistratzailea lehertuta zegoela, eta, gainera, oinetako batzuk aurkitu zituen lurrean botata. Agenteek bi pertsona aurkitu zituzten bertan, eta atxilotu egin zituzten.  Lehenengo gizonak, ertzainak ikusita, tabernaren aldamenean dagoen eta inor bizi ez den etxebizitzatik jauzi egin zuen tabernaren beste aldean dagoen beste etxebizitza batera, eta olan baten gainera erori zen. Bigarren pisutik kalera jauzi egin zuen arren, ez zuen minik hartu. Agenteek identifikatu eta atxilotu egin zuten 24 urteko gazte hori. Jarraian, agenteek tabernaren aldameneko etxebizitzan ezkutatuta aurkitu zuten bigarren gizona, 24 urtekoa. Akusatuak miatu zituztenean, agenteek tabernaren titularraren izenean dagoen bankuko txartel bat eta ustez kutxa erregistratzailetik lapurtutako hainbat txanpon aurkitu zizkieten, eta, gainera, lokalaren jabeak berak ezagutu zituen hainbat objektu berreskuratu zituzten. Une horretan, tabernan zegoen Ertzaintzaren beste patruila batek zaratak entzun zituen inor bizi ez zen etxebizitzako beheko solairuan, eta eskuetan zauriak zituen eta odoletan zegoen 18 urteko gazte bat aurkitu zuten. Susmagarria miatu zutenean, agenteek bitxiak aurkitu zizkioten, besteak beste, kate bat eta zintzilikarioak, eta tabernaren titularrak ezagutu egin zituen. Horrez gainera, agenteek lurrean botata aurkitu zuten zilarrezko mahai-tresnak, erloju bat eta trofeo batzuk zituen poltsa bat.

Hori guztia kontuan hartuta, ertzainek hiru gazteak atxilotu zituzten indarrez lapurreta egitea leporatuta.

Akusatuak polizia-egoitzara eraman zituzten dagozkion eginbideak gauzatzera, eta datozen orduotan jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak