Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak Bilboko eta Urola Kostako bi ostalaritza-establezimendutan esku hartu du eta hogeina pertsonari jarri die isuna

2021-01-01

Bilbo, 2021eko urtarilak 01

Ertzaintzak establezimenduen, pertsonen eta ibilgailuen prebentziozko zaintzarekin eta kontrolarekin jarraitzen du Covidari aurre egiteko beharrezko osasun-neurriak betearazteko. Gaur goizaldean, esate baterako, Ertzaintzak Urtezahar gaueko bi ospakizunetan esku hartu du eta 21 pertsonari isuna jarri die Bilboko hotel batean eta beste 21 pertsonari Urola Kosta eskualdeko landetxe batean.

Bi kasuetan herritarren babeserako patruilek gaur, urtarrilak bat, goizaldeko 03:30 inguruan esku hartu dute. Bilboko hotelaren kasuan, harrerako langileak berak deitu du Ertzaintzara gela batzuetan legez erregistratutakoak baino pertsona gehiago sartu direla esanez.

Polizia-baliabideek guztira 21 pertsona identifikatu eta zehatu dituzte hiru gelatan banatuta, ostalaritzako establezimendu publikoetan ospakizunak egiteko debekua urratzeagatik.

Antzeko egoera bat gertatu da Gipuzkoako Urola Kosta eskualdeko landetxe batean. Eskualdeko herritarren babeserako patruilek 20 pertsona identifikatu dituzte, eta isun-proposamenak eman dizkiete Covidaren aurkako araudia ez betetzeagatik.

Horrez gainera, Ertzaintzak beste 40 pertsona ere identifikatu ditu eta isunak jartzeko proposatu ditu osasun-araudia ez betetzeagatik Bilboko, Donostiako, Debako eta Aramaioko etxebizitza eta etxe batzuetan. Era berean, ostalaritzako establezimendu batzuei espedienteak ireki dizkie aforoaren muga gainditzeagatik.

Gainerantzean, atzo arratsalde-gauean Ertzaintza ibilgailuak eta pertsonak kontrolatzen aritu zen ezarritako zirkulazio-ordutegia betearazteko. Era berean, Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, prebentziozko zaintza-lanetan jarraitzen du botiloiak eta egungo osasun-alertaren egoeran baimenduta ez dauden beste hainbat ekintza eragozteko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak