Berriak Segurtasuna

Barakaldon atxilotu dute San Vicente auzoko trasteleku batzuetan lapurreta egindako gizona

2020-12-31

 

Ertzaintzaren ikerketari esker atxilotu ahal izan zuten atzo Barakaldon 39 urteko gizona, bertako San Vicente auzoko eraikinetako trastelekuetan azkenaldian hainbat lapurreta egiteagatik.  

Sestaoko Ertzain-etxeak duela gutxi hasi zuen ikerketa Barakaldon, batez ere San Bartolome Etorbidean, trastelekuetan egindako hainbat lapurreta argitzeko asmoz.  Horrela, bada, atzo bertan ikuskatu zuen begiz inplikatutako pertsonak joan-etorrietarako eta lapurtutako objektuak sartzeko ustez erabilitako ibilgailu bat.

Ibilgailu horretan lapurtutako objektuak aurkitu zituzten agenteek, hala nola, DVD erreproduzigailuak, oheko jantziak, hainbat erreminta, konpresore bat, arrantzarako tresnak, eguzkitako betaurrekoak, oliba olio birjinaren hainbat botila eta sei giltza-sorta. Objektuetako batzuk jada itzuli dizkiete legezko jabeei.

Edonola ere, Ertzaintzak ikerketarekin aurrera jarraitzen du trastelekuetan egindako beste lapurreta batzuk argitzeko eta lapurretetan beste norbait inplikatuta dagoen jakin ahal izateko. Atxilotuak aurrekariak ditu jabetzaren aurkako delituengatik, eta gaur, osteguna, jarri dute Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko