Berriak Segurtasuna

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du datorren larunbaterako, urtarrilaren 2rako, elurragatik

2020-12-31

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduak 31 

 

  • Alerta 00:00etatik 24:00etara egongo da aktibo, eta elurra 200-400 metroan egin dezake
  • Elurraz gainera, txingor-zaparradak ere espero dira isurialde kantauriarrean

 

 

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du elurragatik datorren larunbaterako, urtarrilaren 2rako, 00:00etatik 24:00etara. Aurreikuspenen arabera, elurra 200-400 metroan egin dezake, eta 1000 metroan 10-20 cm, 600 metroan 10-20 cm eta 200 metroan 0-10 cm pila daitezke. Bestalde, txingor-zaparradak ere espero dira isurialde kantauriarrean.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, larunbatean, urtarrilaren 2an, tenperatura maximoak 3-4 ºC ingurukoak izango dira barnealdean eta 6-8 ºC ingurukoak kostaldean. Bestalde, izotza egin dezake barnealdean eta mendialdeetan.

Bihar, urtarrilak 1, elur-maila 500-600 metroan kokatuko da, eta goizaldean tarteka jaitsi egin daiteke maila hori eta egunaren amaierarako 300-500 metro inguruan kokatuko da. Urteko lehenengo egunean 1000 metroan 10-25 cm pila daitezke, 600 metroan 5-10 cm eta 200 metroan 0 cm.

Bihar egunean zehar txingor-zaparradak ere bota ditzake isurialde kantauriarrean. Tenperaturei dagokienez, barnealdean ez dira 4-5 ºC-tik igoko eta kostaldean 8-10 ºC ingurukoak izango dira, barnealdean eta mendialdeetan izotza egin dezake.

Hurrengo egunetan ere giro hotzarekin jarraituko dugu, eta elurra egin dezake kota nahiko baxuetan. Isurialde kantauriarrean eta isurialdeen banalerroan prezipitazioak ugariagoak izango dira isurialde mediterraneoan baino.

Iragarpenen aurrean, Segurtasun Sailak aholkatzen du goialdeetan mendira ez joateko elur ugari metatuko dela espero denez.

Gomendioak

  • Aurretik eskatu errepideen egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa Euskalmeten eta/edo Eusko Jaurlaritzako Trafikoko 011 telefono-zenbakiaren bidez.
  • Eguraldia oso txarra bada, hobe da ez bidaiatzea. Ahal izanez gero, garraio publikoa erabili.
  • Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, argiak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu. Ahal baduzu, telefonoa eraman beti, bereziki bigarren mailako errepideetan zirkulatu behar baduzu. Neguko pneumatikoak jartzea gomendatzen da.
  • Poliki ibili, izotz-plakak egon baitaitezke, batez ere leku laiotzetan.
  • Aurreko autoarekin ohikoa baino segurtasun-tarte handiagoa utzi.
  • Ez aldatu noranzkoa bat-batean. Bolanteari gozotasunez eragin.
  • Izotza dagoen zonaldean sartzean, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
  • Jarri kateak izotza edo elur gogorra topatuz gero, baita zirkulazioko agenteek agintzen dizutenean ere. Elurretan ibilgailuan harrapatuta geratzen bazara:
  • Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
  • Ez atera autotik denboraleak barruan harrapatu bazaitu.
  • Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki, eta tarteka airea berritu
  • Ez lo hartu. Tapakiren bat eskuratu, eta ondo jantzita egon.
  • Etxean:
  • Kontuz ibili berogailu-sistema osagarriekin, estufa edo sutontziekin, istripurik gerta ez dadin.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak