Euskadin gero eta etxe gehiago dago, haietan gero eta pertsona-kopuru txikiagoa bizi garelako

2020-12-27
  • Hala ere, seme-alabak mende dituzten guraso-etxeen batez besteko tamaina handiagoa da
  • Herritarren zahartze-prozesua agerian geratzen da, eta bertan bizi direnek gero eta adin nagusiagoa dute
  • 65 urtetik gorako lau pertsonatik bat bakarrik bizi da, eta 80 urtetik gorakoetan, hirutik bat
  • Jabetza esklusiboak jabekidetasuna gainditzen du, lehenengoz

Vitoria-Gasteiz, 2020/11/27

Euskadik duela lau urte baino etxe gehiago ditu, baina, haietako bakoitzean, pertsona gutxiago bizi dira. Hala erakusten du 2019ko Familia eta Etxeen Galdetegiak; galdetegia Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egin zuen. 2015ean batez bestekoa 2,48 zen, eta jaitsi egin da 2019an, 2,41 baita. Hala, nabarmen murriztu da seme-alabak mende dituzten guraso-etxeen kopurua eta seme-alabak dituzten ezkontza ondoko etxeena. Alderantziz, seme-alabak mende dituzten guraso-etxeen batez besteko tamaina handiagoa da. 2015ean 3,76 ziren eta, 2019an, 3,81; alegia, seme-alabak izatea erabakitzen duten bikoteek gehiago dituzte.

Oro har, nukleo nagusia bikote ezkondua edo bikotea duen etxe-kopurua gora egiten ari da. Nahiz eta seme-alabak dituzten etxeen bolumenak behera egitea dakarren, ikusi diren aldaketak bateragarriak dira nukleo nagusia bikote ezkondua edo bikotea duten etxeen kopuruaren igoerarekin: 2015ean 518.458 kasu erregistratu ziren eta 2019an, 531.904 (etxe horietan jasotako biztanleei dagokienez, 1.544.387 pertsona izatetik 1.563.401 izatera). Etxe horien barruan, gora egin du, halere, ezkontzaz kanpoko parekatzeen protagonismoak. Ezkondu gabeko bikoteak 2019an kontuan hartutako familia-nukleoen % 15en oinarri dira; 2015ean, % 12,4rena, alegia, 2019an gainetik dago. Modu berean, bikote ezkonduetan edo bikoteetan, bigarren loturak edo ondokoak gora egiten ari dira, baina kasuen ehunekoa ez da oso handia.

Antzeman diren aldaketen eragina jasaten ari den faktoreetako bat herritarren zahartze-prozesua da; prozesu horrek baldintzatu egiten du funtsezko adierazle batzuen dinamika. Hala, galdetegiak agerian uzten du herritarren batez besteko adinak jarraitzen duela gora egiten, eta etxeetan erreferentziazko pertsonen artean adinekoen proportzioa ere gora egiten ari dela. Horrek guztiak eragina du etxeetan gazteagoen presentziaren beherakadan. Hala, 16 urtetik beherakoren bat duten etxe edo familien proportzioa jaitsi egin da: 2015ean % 24 zen eta 2019an, % 21,6.

65 urtetik gorakoen % 26 bakarrik bizi da (lautik bat). 80 urte baino gehiagokoen kasuan, hirutik bat (% 35,7).

Etxebizitzak jabetzan

Galdetegi honetan ikusten denez, pertsona bakarrari dagokion etxebizitza nagusitzen ari da. Jabetza esklusiboak jabekidetasuna gainditzen du, lehenengoz. Eta hori adina jaitsi ahala sarriago gertatu ohi da. 2015aren eta 2019aren artean, etxebizitza izateko moduetan pertsona bakarraren jabetza nagusitzeko joera finkatu da. Etxeko kide baten jabetza esklusiboa 2015ean bi pertsonaren edo gehiagoren jabekidetasunetik behera zegoen (% 38,7 eta % 42,5, hurrenez hurren); eta 2019an lehen postuan dago, argi eta garbi, % 43,9koa baita, jabekidetasunaren % 35,7tik gora. Alokairuak, bestalde, pisu erlatiboa galdu du: 2015ean % 13 eta 2019an % 12,1.

Pertsona bakarreko jabetzak gero eta pisu handiagoa izatea nagusitu egiten da, nolabait, pertsona ugariko etxeetan, baita seme-alabak dituzten –mendekoak izan ala ez– etxeetan ere. Bikote ezkondua edo bikotea oinarri duten etxeetan, berriz, 2019an, bakarrik nagusitzen da guraso ez diren ezkontideen etxeetan (% 41,8, eta bi pertsonen jabekidetasuna % 26,4koa). Agerikoa da guraso ez diren bikote berriak eratzean jabetza bakarreko eredu berria sendotu dela, % 34,8tik % 41,8ra handitu baita kopurua, 2015aren eta 2019aren artean (eta jaitsi egin da paraleloan bi pertsonaren jabekidetasuna, % 30,9tik % 26,4ra).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan