Eusko Jaurlaritzak Euskadin preso dauden pertsonen gizarte- eta lan-inklusioa sustatzen du, Barne Arazoetako Ministerioarekin adostutako akordio baten bidez

2020-12-29

Gobernu Kontseiluak baimena eman du, gaur, Barne Arazoetako Ministerioarekin hitzarmen bat sinatzeko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonen gizarte- eta lan-inklusioaren prozesu integralak ezartzeko.

Hitzarmenaren helburua da askatasunaz gabetutako pertsonei gizartearen zati aktibo diren aldetik dagozkien eskubideak aitortzeko bide ematea eta, horretarako, gizarte- eta lan-inklusiorako prozesu integralak ezartzea, zigorrak betetzeko errealitatean bertan. Jarduketa horiek Euskadiko aurrekontu orokorretan jaso den urteko partida baten bidez finantzatzen dira, eta partida 500.000 eurokoa da.

Gizarte- eta lan-inklusioaren prozesua honako hau da: lehen fasean, diagnostikoa egiten da; ondoren, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatua egiten da (prestakuntzarako eta enplegurako orientazioa, enplegagarritasun-profil baxua duten pertsonentzako lanbide-heziketa eta enplegagarriak gizarteratzeko eta laneratzeko laguntzak barne).

Hitzarmenari jarraikiz, espetxeetako tratamendu-taldeek programetan parte hartzeko hautagaiak aukeratzen laguntzen dute, bai eta haien segimendua eta ikuskapena egiten ere, Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzarekin eta erakunde laguntzaileekin koordinazioan.

Bestalde, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak jarduketa horiek finantzatzen ditu, gizarte- eta lan-inklusiorako ibilbideak ezartzeko, zeinak honako hauetan oinarritu baitaitezke: irteera programatuak eta landa-lanak, bizitegi- eta ostatu-baliabideak, mendekotasuna gainditzeko droga-mendekoentzako baliabideak, prestakuntza- eta gaikuntza-zentroak eta enplegurako orientazio- eta laguntza-zentroak.

Inklusio-baliabideetarako zerbitzua irabazi-asmorik gabeko erakunde laguntzaileek ematen dute, Sailak proiektu eta programa egokienak aukeratzeko egiten dituen dirulaguntzen urteko deialdien bitartez.

Hitzarmen berria sinatzean, espetxeekiko lankidetza-ildoarekin jarraitzen da, zigortutako pertsonak gizarteratzeko aukera emateko; hala, administrazioen arteko hitzarmenen egungo arauketara egokitzen da, bai eta datu pertsonalak babesteko egungo arauketara ere.

Hitzarmena honako eskumen hauetan kokatzen da: estatutuetan Euskadiri Estatuko espetxe-legeria betearazteko eta gartzelatzeko eta gizartean berrintegratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, erregimen eta funtzionamendurako aitortutako eskumenetan, nahiz eta oraindik eskualdatzea gauzatu ez den.

Hitzarmen berriak 4 urteko indarraldia du, eta beste 4 urtez luza daiteke, baina Euskadiri espetxeen inguruko baliabide eta zerbitzuak eskualdatzeko eraginkortasuna aintzat hartuta haren baldintzak birpentsatu beharko dira. Eskualdatze horren hurbiltasunak ez du eragozten hitzarmena sinatzea; izan ere, gaur egun Euskadin zigorra daukaten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko dauden zerbitzuekin jarraitu behar da, hitzarmenaren bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko