Berriak Lehendakaritza

Euskadik 13.000 m/€erakarri nahi ditu Next Generation EU funtsen bidez

2020-12-29

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin batera.

Iñigo Urkullu lehendakariak jakitera eman du gaur goizeko Gobernu Kontseiluak Euskadi Next 21-26 programa onartu duela, Euskadiren berreskurapenerako, eraldaketarako eta erresilientziarako inbertsio programa, hain zuzen. "Euskadiren erantzuna da, Next Generation EU Funtsei begira egindako proposamena. Etorkizuneko hiru eraldaketa handiak bizkortzeko akuilu eta aukera da: teknologikoa eta digitala; energetikoa eta ingurumenekoa; demografikoa eta soziala. Hiru trantsizio global, hiru aukera handi Euskadirentzat ", azpimarratu du Lehendakariak.

Programa hau, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin koordinatuta, Espainiako Gobernuari helaraziko dio, Next Generation EU funtsak, Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismotik –BEM- datozenak, zehatzago esanez, eskuratzeko Europara bidaliko duen Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia planean sar dezan. “Euskadik plan propioa eta estrategikoa du gaur egun, eta Espainiako Gobernuari helaraziko dio, lankidetzarako bokazioarekin, Euskadin ilusioz, uste sendoz eta irmotasunez aurre egingo diogun datozen urteetako erronkari arrakastaz erantzuteko”, adierazi du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Hala, euskal programaren lehen bertsioak 188 inbertsio jasotzen ditu 8 eremu estrategikotan (osagaiak) –horien artean Euskadiko Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko 16 Proiektu Estrategikoak nabarmendu behar dira–, eta BEM-MRR funtsen 5.702,6 M/€ jasotzea aurreikusten da. Kopuru horrek eta euskal administrazioen aurrekontuek eta inbertsio pribatuak emandakoak, 13.135M/€ aktibatuko lituzkete Euskadin datozen 5 urteetan. Lehendakariak Euskadi Next programaren bost gako azpimarratu ditu: osagarritasuna, integrazioa, parte-hartzea, sinesgarritasuna eta bideragarritasuna.

Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan, Euskadi Next programa "anbizio handikoa eta kudeaketa publikoaren zorroztasunetik egindakoa da”, eta Europako ahalik eta baliabide gehien bereganatzera bideratutako planteamendu pragmatikoa du. Era berean, Pedro Azpiazu sailburuak funtsen gobernantzari buruz mintzatu da, eta azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, MRRren kudeaketaren arrakasta maila anitzeko gobernantza erreal batean datzala.

Bestalde, Lehendakariak gogorarazi duenez, Euskadi, krisi bakoitzaren ondoren, berriro berpiztu da; "egoera honetaz baliatu nahi dugu indarberritzeko, aurrera egiteko". " Krisi bakoitza akuilu bat izan da. Krisi bakoitzak gure egokitzeko gaitasuna, izaera ekintzailea eta biziraupen sena indartu ditu", gaineratu du. Zentzu horretan, Euskadiko ibilbide-orri ekonomiko eta soziala “Berpiztu”, “Aurrekontu” eta “Euskadi Next” proiektuetan oinarritzen dela esan du. " Gure helburua da pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoa eta soziala aurreratzea. Horixe da euskal erakunde eta gizarte osoaren helburua: elkarrekin egitea, lankidetza publikoa eta pribatua uztartzea, denon artean aurrera ateratzea", adierazi du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak