Tapiak garapen jasangarriarekiko konpromisoa nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean, Ingurumen Administrazioaren eta Natura Ondarearen Kontserbazioaren lege-proiektuak aurkeztean

2020-12-29
  • Sailburuak honako hau azpimarratu du: “Garrantzitsua da klima-aldaketaren politika natura-ondarearen kudeaketan eta babesean integratzea, garapen sozioekonomikoa babestuta eta herritarrak gehiago inplikatuta”
  • Proiektu horiek azaroaren 3an eta 28an onartu ziren, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluan, eta orain Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean aurkeztu dira, eztabaidatu eta onar daitezen

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak, Amaia Barredo Ingurumen sailburuordeak lagunduta, Ingurumen Administrazioaren eta Natura Ondarearen Kontserbazioaren lege-proiektuak aurkeztu ditu gaur goizean Legebiltzarrean. Proiektu horiek azaroaren 3an eta 28an onartu zituen Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, eta orain Legebiltzarrera iritsi dira, eztabaidatu eta onar daitezen.

Aurkezpenean, Tapiak testuingurua, ekarpen nagusiak eta bi proiektuen berritasunak zehaztu ditu. 

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektua

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren Legearen proiektuak antolatu, sinplifikatu eta bateratu egingo ditu ingurumenean eragina duten jardueretarako aurreikusitako administrazio-prozedurak.

Tapiak honako hau nabarmendu du: “Garrantzitsua da aholku-batzordeak bateratzea, ingurumen-baimen bakarra sortzea, ingurumen-ebaluazioa erraztea edo erosketa publiko berdea, proiektuan jasotako material birziklatuen % 40rekin, gutxienez”. Horren guztiaren helburua da Administrazio Publikoaren eta herritarren arteko harremana erraztea, hark ingurumenaren arloko erabakiak hartzen parte hartzea errazteko, ingurumen-babesari eta jasangarritasunari buruzko informazio-hornidura, parte-hartzea eta justiziarako sarbidea erregulatuta.

Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege Proiektua 

Natura Ondarea kontserbatzeko Lege Proiektua lantzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko interes komunitarioko habitaten eta naturagune babestuen kontserbazio-egoera aztertu da, eta EAEko legegintza-esparrua honako hauetara eguneratu behar dela kontuan hartuta: 2030erako Biodibertsitatearen Europako Estrategia berria, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030erako Basque Country Agenda.

Tapiak nabarmendu du garrantzitsua dela “naturaguneak eta biodibertsitatea babesteko esparru juridikoa ezartzea, natura-ondarearen ikuspegi integral batetik, natura-ondarearen kudeaketan eta babesean klima-aldaketaren politika integratzea eta Espazio Babestuen inguruko populazioen garapen sozioekonomikoa babestea, berariazko planen bidez. Oso garrantzitsua da gizarte zibila natura-ondarearen kontserbazioan inplikatzea, lurraldearen zaintzaren eta jabe pribatuekiko akordioen bidez”.

Natura-ondarea kontserbatzeko egungo lege-proposamena:

  • Indarrean dagoen araudia eguneratzen du, azken hamarkadetan arlo horretan garatutako Europako legeria zabalera egokitzeko
  • Ikuspegi integrala emango dio natura-ondareari, natura-ingurunearen kudeaketan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazioa hobetuko du eta zuzeneko lotespena ezarriko du klima-aldaketaren politikekin, garapen ekonomiko eta sozialerako aukera berriak sortzea oinarri hartuta.
  • Euskal Autonomia Erkidegoa EBko lurraldearen % 1 baino gutxiago da, eta Europaren intereseko habitaten % 35, fauna-espezieen % 21 eta flora-espezieen % 2 hartzen ditu

 

2 iruzkin
  • 2020-12-31

    Abiadura handia errentagarria ez dela esaten da, merkantzietarako ere ez bada, eta oraindik ere errepide-garraioaren aldeko apustua egiten da, ingurumen-arrisku eta -inpaktu handiagoarekin.

  • 2020-12-31

    Se dice la alta velocidad no rentable si no fuese también para mercancías y todavía se apuesta por el transporte por carretera con más riesgo e impacto ambiental

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak