Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak dirulaguntza bat eman dio Ikerbasqueri, Covid-19ren inguruko sei ikerketa-proiektu finantzatzeko

2020-12-23
  • Dirulaguntza, 500.000 eurokoa, bikaintasuneko sei ikerketa-zentrori (BERC) zuzenduko zaie, SARS-CoV-2aren aurkako ikerketan hainbat esparrutatik lanean ari baitira
  • Euskadiko BERCek garatzen duten ikerketa-lanari bultzada eta aitortza berria esan nahi du laguntza hau emateak

Hezkuntza Sailak dirulaguntza zuzen bat eman dio Ikerbasque – Zientziarako Euskal Fundazioari, SARS-CoV-2 birusa eta Covid-19 gaixotasuna ikertzeko sei proiektutan lanean ari diren ikertzaileen kostua finantzatzeko. Laguntza 500.000 eurokoa da, eta Jaurlaritzaren azken Gobernu Kontseiluan izan da onartua, atzo, abenduak 22.

Egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde zientifikoek eta ikertaldeek ahalegin handia egin dute azken hilabeteotan SARS-CoV-2 birus berria eta birus horrek eragindako Covid-19 gaixotasuna agertzeak ekarri dituen erronkei aurre egiteko.

Horien artean daude BERC zentroak (Basque Excellence Research Centre), Hezkuntza Sailaren mende dauden oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak. Zentro hauek erakutsi dute, egoera berrira eta egungo beharretara egokitzeko ahalmen handiaz gainera, gizartearekiko konpromiso itzela, bikaintasuneko ikerketa zientifikoaren esparrutik. Horietako bakoitzak, bere ikerketa-esparrutik, hainbat estrategia lantzen dihardu, besteak beste, gaixotasunaren diagnostikorako, tratamendurako eta modelizazio matematikorako.

Erantzun arina

Ikerbasque eratzeko helburua izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa-ildoak sustatzeko lankidetzak ezartzea. Bada, ildo horretatik, Covid-19ak sortutako pandemiari azkar erantzun ahal izateko, Ikerbasquek lankidetza-hitzarmenak ezarri ditu SARS-CoV-2 birusari eta birus horrek eragindako gaixotasunari (Covid-19) buruzko ikerketa-proiektu garrantzitsuak egiten ari diren BERC zentroekin.

Hezkuntza Sailaren dirulaguntza Ikerbasqueren bidez jasoko duten sei zentroak eta horien ikerketa-proiektuak honako hauek dira:

  • DIPC – Donostia International Physics Center. Ikerketa-zentro hau gailu berri bat garatzen ari da nanoteknologian oinarritutako SARS-CoV-2a diagnostikatzeko. Ikerketa hau SARS-CoV-2 detektatzeko sentsoreak garatzen ari da, hiru teknologia alternatibo erabiliz: mikrobalantzak/mikropalankak, grafenozko FETak eta sentsore fluoreszenteak. Lehen bi teknikak detekzio goiztiar ultrasentsibleari aplika dakizkioke; hirugarrenak, berriz, test masiboetan detekzio azkarra egitea ahalbidetuko luke. Nanopartikuletan oinarritutako birus-ereduak garatzen ari dira, sentsoreak azkar garatzea ahalbidetuko dutenak lagin biologikorik behar izan gabe. Garatutako sentsore funtzionalen lehen prototipoak praxi klinikoaren bidez baliozkotuko dira ikerketa honi lotutako hainbat ospitaletan.
  • BCAM – Basque Center for Applied Mathematics. Zentro honek matematikaren bidez koronabirusaren aurkako borrokan laguntzen du. Zazpi egunera, Covid-19ari lotutako kasu positiboen, ospitaleratzeen eta hilkortasunaren iragarpen-ereduak egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan eta ESIetan, KEIB bayestarra motako eredu epidemiologikoaren arabera.mHelburua gaixotasunaren infekzio-prozesua zehatz-mehatz deskribatzea da. Horretarako, SIR eredua erabiltzen da (sentikorrak, infektatuak eta berreskuratuak), kasu larri eta arinak esplizituki kontuan hartuta, infekzio-prozesuan lagun dezaketenak, baina indarrean dagoen testatze-estrategiaren mende daudenak.
  • Biofisika – Basque Centre for Biophysics. Zentro hau SARS-CoV-2 birusari lotutako hainbat ikerketa-lerro garatzen ari da, 75.000 euroko dirulaguntzaren bidez. Alde batetik, SARS-CoV-2-ren immunogenizitateari eta neutralizatzeko gaitasunari buruzko analisi serologiko bat garatzen ari da COVID-19 gaixoaldian. Bigarren ikerketa-lerro baten helburua koronabirusa detektatzeko eta diagnostiko molekularra egiteko mekanismo bat garatzea da, mintzeko nanotutuen bidez. Beste ikerketa-lerro baten helburua da giza zelulak infektatzeko birusaren gaitasuna blokeatzen duten inhibitzaileak azkar sortzea. Zentro hau bide endozitikoaren bidezko infekzio-mekanismoa ere ikertzen ari da, aukera paregabea ematen baitu COVID-19rako eta etorkizuneko infekzio birikoetarako neurri eta tratamendu berriak garatzeko.
  • BCMaterials – Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures. ImmuCoV (point of care gailuak) proiektuan dihardu, SARS-CoV-2arekiko immunitatea azkar detektatzeko. COVID-19 pandemiaren erronka nagusietako bat birusarekiko immunitatea ebaluatzea da, dela naturala dela txerto batek eragindakoa. Informazio hori funtsezkoa da birusaren hedapenaren jarraipen egokia egiteko eta osasun publikoko politikak behar bezala diseinatzeko. BCMaterials, bertako eta nazioarteko bazkideekin batera, SARS-CoV-2ren aurkako antigorputzak detektatzeko irtenbide teknologikoak garatzen ari da. Bi aplikazio-egoeratarako bi irtenbide garatzen ari dira. Alde batetik, erabilera profesionaleko sistema bat, farmazietan eta lehen mailako arretako zentroetan detekzioa egiteko. Bestalde, behin erabiltzeko gailu bat garatzen ari da, eta telefono mugikor batetik kudeatu ahal izango da, herritarrek oro har erabil dezaten.
  • Achucarro – Basque Center for Neuroscience. COVID-19 gaixotasuna prebenitu eta tratatzeko, Achucarro bi ikerketa-ildo berri garatzen ari da: lehena, ordenagailu bidez diseinatutako proteina sintetikoen inhibitzaileak (nanokuerpoak) garatzeko, SARS-CoV-2 inaktibazio gidaturako. Eta bigarren ikerketa-lerro bat peptido birkonbinatzaileak sortzeko, bai funtsezko proteina hartzailearena, sarrerako ate infekziosoarena, bai SARS-CoV-2ren spike proteinarena; haren potentzial terapeutikoa aztertuko da lehen fasean in vitro eredu esperimentaletan, eta ondoren, in vivo modeloetara eskalatu behar bada.
  • BC3 – Basque Centre for Climate Change. COVIDaren eragin ekonomikoa aztertzea ahalbidetuko duen eredu bat garatzen du. Ikerketa honek COVID-19ren krisiari lotutako inpaktu ekonomikoko iturri nagusietatik eratorritako inplikazioak aztertzen ditu sektoreko BPGari, etxeetako aberastasunari, desberdintasunari, pobreziari, kontu publikoei, nazioarteko merkataritzari eta abarri dagokienez. Inpaktu hori pertsonen konfinamenduak, negozioen eta mugen itxierak eta aktibo finantzarioen balio-galerak eragin dute.

Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak, Hezkuntza Sailak eratuak, ikerketa eta ezagutza zientifiko, humanistiko eta teknologikoa bultzatzen, sustatzen eta garatzen laguntzea du helburu, gizartearen, unibertsitateen eta ikerketa-zentroen mesedetan eta, oro har, komunitate zientifikoaren mesedetan. Ildo horretan, Ikerbasque Fundazioak bikaintasuneko ikerketa-ildoak sustatzen parte hartzen du Euskadiko unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan, hala nola BERC zentroetan. Horrela, Ikerbasquek Euskadiren irudia sustatzen du ikerketaren nazioarteko panoraman erreferente gisa.

Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak – BERC (Basque Excellence Research Centres) ezagutza sortzeko egiturak dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes zientifikoko eremuetan, eta ikerketaren bikaintasuna dute ezaugarri. Erakunde horiek euskal unibertsitate-sistemaren eta Euskadin egindako ikerketa zientifiko osoaren aitzindari izateko asmoz sortu ziren, eta mundu osoan zehar dauden zentroekin lotutako Europako ezagutza-nodo gisa jarduten dute.

Diru-laguntza hauek emateak bultzada berri bat dakar aipatutako BERCek (Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak) garatzen duten ikerketa-lanari, euskal ikerketa-taldeek Europako Ikerketa Eremuaren eraikuntzan arrakastaz eta gaitasunez parte har dezaten. Ikerketa-proiektu horiek eta dagozkien zentroak hautatzerakoan bikaintasun zientifikoa, inpaktu potentziala eta jakintza-arloen arteko oreka hartu dira irizpidetzat.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak