BetiON telelaguntza zerbitzuko erabiltzaileen % 96 pozik daude zerbitzuarekin

2020-12-28
  • Erabiltzaileek 5 puntutik 4,6ko batez besteko puntuazioa ematen diote zerbitzuari, gogobetetasun-maila orokorrari buruz galdetuta
  • “Covidak eragindako egoera desegonkor honetan, betiONeko botoiak segurtasuna ekarri die familiei eta erabiltzaileei”
  • Berdintasuneko sailburuak berretsi du zerbitzua 80 urtetik gorako pertsona guztiengana hedatzeko helburua

Bilbo, 2020/12/28

BetiON Telelaguntza Zerbitzu Publikoarekiko gogobetetasun orokorra oso handia da. “Erabiltzaileen % 96,2 pozik daude, eta hamarretik seik puntuaziorik handiena ematen diote", Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak prentsaurrekoan azaldu duenez. Horretarako, betiON zerbitzuaren erabiltzaileen artean berriki egindako inkesta batean oinarritu da. Gaur egun 58.000 erabiltzaile inguru ditu zerbitzu horrek.

Sailburuak esan duenaren arabera, pandemiak eta kofinamenduak eragindako egoeraren aurrean bereziki, “inoiz baino erabilgarriagoa bihurtu da zerbitzu hau. Covidak eragindako egoera desegonkor honetan, betiONeko botoiak segurtasuna ekarri die familiei eta erabiltzaileei”.

Inkesta Ikerfel-ek egin du, betiON Euskadiko Telelaguntza Zerbitzu Publikoaren erabiltzaileen arteko gogobetetasun-maila ezagutzeko helburuarekin. Horretarako, azaroan 401 elkarrizketa egin ziren telefonoz, eta inkesta erantzun zutenen hirutik bik 80 urte baino gehiago zituzten. Aurkezpen honetan, sailburuarekin batera Joseba Ezpeleta egon da, inkesta egin duen Ikerfel enpresaren izenean.

Ezpeletak zehaztu duenez, erabiltzaileek 5 puntutik 4,6ko batez besteko puntuazioa eman diote zerbitzuari, gogobetetasun-maila orokorrari buruz galdetuta. Erabiltzaileek zerbitzuaren alderdi erabilgarrienetako batzuk nabarmendu dituzte, hala nola larrialdiren bat gertatuz gero ematen zaien laguntza, erabiltzailearen senideen artean sortzen duen lasaitasuna eta edozein gorabeheraren aurrean laguntza eskatzeko aukera. Alderdi horiek guztiek % 95etik gorako adostasun-maila lortu dute.

Antzeko ehunekoak, % 94,3k, aditzera eman du atseginez jasotzen dituela zer moduz dauden galdetzeko aldian behin egiten zaizkien deiak. 10 erabiltzailetik ia 9k, % 88,8k, adierazi dute oso pozik daudela telefono bidez jasotako arretarekin.

Teknologiari dagokionez, teknologiaren funtzionamenduari buruz jasotako informazioarekiko gogobetetasuna ere ezin hobea da, eta ia % 85ek ontzat edo oso ontzat jo du informazioa. Era berean, % 92,5ek adierazi du etxean instalatuta duten teknologiaren funtzionamendu orokorra erabilerraza dela. Eta oso gorabehera gutxi erregistratzen dute, 10 erabiltzailetik soilik 1ek adierazi du matxuraren bat izan duela teknologian.

Aurrekontu-gehikuntzan gauzatutako apustua

Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, legealdi honetan Eusko Jaurlaritzak betiON zerbitzua 80 urtetik gorako pertsona guztiei zabaltzea du helburu, eta hori "legealdi honetako funtsezko helburua" da. Azken helburua da pertsonek beren bizi-proiektua ahalik eta denbora luzeenean eta beren etxean garatzen jarraitu ahal izatea. Horretarako, betiON “funtsezko euskarria da, eta lasaitasuna ematen die, adinekoei ez ezik, haien senideei ere bai.”

 “Legealdi hau amaitu baino lehen, 80 urtetik gorako pertsona guztiek gure betiON zerbitzuaren domina gorria izan dezaten lortu nahi dugu, eta, lortuko badugu, garrantzitsua da zerbitzu horrek eskaintzen dituen askotariko onurak transmititzeko gai izatea. Gogobetetasun-inkesta honek erakusten du erabiltzaileek beraiek nabarmentzen dutela zerbitzuaren erabilgarritasuna, eta hori garrantzi handikoa dela iruditzen zaigu”.

 “2021ean, bakarrik dauden pertsonei arreta emateko lerro bat abiaraziko dugu, eta aurrekontua 1.200.000 euro handituko dugu”, adierazi du sailburuak, joan den astean Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako aurrekontu-proiektuari buruz.

BetiON

Telelaguntza da Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen duen laguntza eta esku-hartze sozialeko zerbitzu tekniko bat. Zerbitzu horri esker, erabiltzaileek etengabeko arreta-zerbitzu bat izan dezakete, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, telefono-linearen bidez eta komunikazio- eta informatika-ekipamendu espezifiko batekin. Larrialdi edo premia sozialeko egoerei erantzun egokia emateko berariaz prestatutako pertsonek egingo dute zerbitzua, beren kabuz zein beste baliabide batzuk mobilizatuz.

BetiON zuzentzen zaie: bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei; mendetasun-egoeran edo gizarte-zerbitzuek aitortutako zaurgarritasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako pertsonei; desgaitasun intelektual, fisiko edo sentsoriala duten eta edozein gradutan aitortutako mendetasuna duten pertsonei; eta gaixotasun mental diagnostikatua duten eta mendetasun-egoera aitortua edo gizarte-bazterketako arriskua duten pertsonei.

Zerbitzu hori behar duten pertsonek beren udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez eskura dezakete, edo 012 telefono-zenbakiaren bidez, edo Zuzenean zerbitzura joz, edo zerbitzuaren web-orria erabiliz: https://www.euskadi.eus/betion

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñigo Mijangos, betiONeko arduraduna