Eusko Jaurlaritza enpresa-elkarteekin EUSKADI NEXT 2021-2026 Plana lantzen ari da, Herrialdea eraldatuko duten proiektuak finantzatzea helburu duten Europako funtsak lortzeko

2020-12-23
  • Jardunaldia Eusko Jaurlaritzak antolatu du eta enpresa-elkarteei zuzenduta egon da, EAEko azken ETEari ere horren berri emateko eta zeregin horretan konpromisoz eta elkarrekikotasunez laguntzeko
  • Tapia: “Gure baliabideak mugatuak dira, baina baditugu mekanismoak eta programak aztertzeko nola babestu behar ditugun benetan eraldatzaileak eta bideragarriak diren proiektuak, elkarlanean oinarritutakoak eta interes orokorrekoak badira”
  • Azpiazu: “Helburua da Europak aurretik ezarri duen estrategiarekin lotzeko ardatzak errealismoz identifikatzea eta ahalik eta baliabide gehien gureganatzen saiatzea, hautaketa eta plangintza egokia eginda”

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Next Generation EU funtsen inguruan Eusko Jaurlaritzak antolatutako lan-jardunaldia ireki dute gaur goizean.

Helburua izan da informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko azken ETEari ere helaraztea. Topaketa enpresa-elkarteei zuzenduta egon da. Bertan, pertsona kopuru mugatu batek parte hartu du Bizkaiko Teknologia Parkeko auditoriumean, baina Euskal Autonomia Erkidego osoko enpresa-arduradunek ere jarraitu dute streaming bidez.

Eusko Jaurlaritzarekin batera, honako hauek parte hartu dute jardunaldian ia bi orduz: Confebask, Adegi, Cebek, Sea, merkataritza-ganberak, industria-klusterrak, garapen-agentziak, ASLE, Metalaren Euskal Federazioa, Mondragon Taldea, Confekoop, Familia Enpresen Elkartea eta Elkargi.

Eusko Jaurlaritzak gardentasunez partekatu du eskura duen informazioa, eta Tapiarentzat informazio hori “itxura hartzen hasi da eta, hain zuzen ere, horregatik uste dugu lankidetza-dinamika bat indartzeko unea dela, Next Generation funtsetarako hautagai izan daitezkeen etorkizuneko proiektu pribatuak zehazteko; baita EAEko ETE-ek dagoeneko lantzen ari garen proiektu publikoetan duten zeregina aztertzeko ere”.

Tapiak eta Azpiazuk elkarlanerako dinamika trinkoagoa eta elkarrekikoagoa proposatu dute, kontuan hartuta zein fasetan sartzen garen. Hain zuzen, gero eta informazio fidagarriagoa eta errealitatera egokituagoa biltzen joango gara fase honetan. Eta Europako baliabideekin zuhurtzia eskatu dute, ez baitira ezagutzen Euskal Autonomia Erkidegoak zein bereganatu ahal izango dituen, baina ez etsitzeko konpromisoa hartu dute.

 “Aktiboak izango gara, eta arintasunez eta adimenez jardutea eskatzen dugu; benetan ekiteko gai garen proiektuen alde lan egitea, Europatik zenbat diru datorren alde batera utzita”. Tapiak honako hau nabarmendu du: “Gure baliabideak mugatuak dira, baina baditugu mekanismoak eta programak, elkarlanean oinarrituak eta interes orokorrekoak izanik, benetan eraldatzaileak eta bideragarriak izango diren proiektuak nola babestu aztertzeko”.

Ildo beretik, Azpiazuk auditoriumean bildutakoei gogorarazi die bide hori elkarrekin egin behar dugula, eta lankidetza publiko-pribatua eta konpromiso publiko-pribatua direla arrakastarako berme bakarra.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak hau gogorarazi du: “Funts honen oinarria Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa (BEM) da. Horren helburua da Batasunaren ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa sustatuko duten erreforma eta inbertsioei ekitea, estatu kideen erresilientzia, hazteko ahalmena eta egokitzeko gaitasuna handituta, krisiaren eragin soziala eta ekonomikoa arinduta eta trantsizio ekologikoa babestuta; klima-neutraltasunarekin eta, baita, trantsizio digitalarekin lotuta EBk duen helburua lortzeko eta, horrela, konbergentzia ekonomikoa eta soziala gauzatzen eta enplegua sortzen laguntzeko”.

Horrela ekiten dio Euskal Autonomia Erkidegoak bere EUSKADI NEXT 2021-2026 Planari, Europako funtsak gauzatzeko. Hain zuzen, funts horiei buruz asko hitz egiten da, baina argitasuna falta da gai horretan aurrera egiteko.

Ministerioek helarazten dituzten egutegien arabera, euskal enpresa guztiak garaiz daude ekimen estrategiko eta eraldatzaile pribatuetarako proiektuak eta hautagaitzak zehazteko.

Tapia sailburuak ohartarazi duenez, horrek ez du esan nahi erreakzioak inprobisatzea eta kantitatean izugarria izango den eskaintza prestatzea izan behar duenik. Arrakasta ez da egongo proiektuen kopuruan, baizik eta EBk eta ministerioek ezarritako irizpideekin bat etorriko diren ekimenak izatean. Baina, batez ere, benetan proiektu eraldatzaileak direla Euskal Herriarentzat.

Eusko Jaurlaritzak enpresa-sare osoan ekonomia sortzeko aukera gisa ikusten ditu Next Generation EU planak, eta Tapiak lana Herrialde gisa kudeatzera deitu du: “Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarearen erakunde laguntzaile eta konplize gisa lan egin dezazuen eskatzen dizuet; zuen enpresa elkartuei programa horiek ‘irakurtzen’ eta berekin dakartena errealismoz eta erantzukizunez interpretatzen lagundu deizaiezuen”.

Azpiazuren ustez, Europak modu argian tasatu ditu ekintza-esparruak, “eta autonomia-erkidegoek Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsak kudeatzen hainbat bidetatik parte hartuko dutela ziurtatu zaigun arren, horiek ez dira oraindik zehaztu”.  “Hala ere, badakigu —jarraitu du sailburuak— kontua ez da Amerika aurkitzea, baizik eta Europak aurrez finkatu duen estrategiarekin lotzeko gure ardatzak errealismoz eta pragmatismoz identifikatzea, eta ahalik eta baliabide gehien gureganatzen saiatzea, hautaketa eta plangintza egokia eginda”.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak