Luzaro, EFC, sa-k 70 M/€-ko 300 mailegu-eragiketa formalizatu dizkie euskal enpresei 2019tik (Gobernu Bilera 2020-12-22)

2020-12-22
  •  Gobernu Kontseiluak LUZARO, IVFrekiko, finantza-erakunde bazkideekiko eta ELKARGIrekiko lankidetza-hitzarmena onartu du euskal enpresei laguntzeko programetarako
  • “Luzatu” linea berriak 5 eta 7 urte bitarteko gabealdi luzeak dituzten finantzaketa-eskaerei erantzungo die, eta 4.0 linea industriala sendotuko da 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du EAEko Administrazioaren, Finantzen Euskal Institutuaren, ELKARGI SGR-ren eta LUZARO EFC SAren arteko finantza-lankidetzarako hitzarmena. 

Eusko Jaurlaritzak euskal enpresen finantzaketa errazteko gauzatu duen politika aktiboaren esparruan, hitzarmenak sinatu dira hainbat finantza-erakunderekin duela hamarkada bat baino gehiagotik, eta horien artean dago Luzaro EFC, SA kredituko finantza-establezimendua. 

2019an, Luzaro, EFC, SAk 199 mailegu-eragiketa formalizatu zituen; 46,2 M/€ guztira (45,7 M/€ Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren ondorio dira, eta gainerakoa SPRIrekin sinatutako hitzarmen baten ondorio). 

2020ko irailera arte, Luzarok guztira 22,8 M/€-ko 100 eragiketa formalizatu ditu (22,4 M/€ Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren ondorio dira, eta gainerakoak SPRIrekin sinatutako Ekintzaile hitzarmenaren ondorio). 

Finantzaketa-iturriak eskuratzeari dagokionez izandako hobekuntzaren jakitun izanik ere, beharrezkotzat jotzen da euskal enpresak finantzatzen laguntzeko programei jarraipena ematea, Euskadiko ETE-ek jasaten duten finantzaketa-kostua murriztu eta haien finantzaketa-iturriak hobetu ahal izateko lankidetza-hitzarmenen bidez. 

Horregatik, euskal enpresen enpresa-inbertsioko proiektu bideragarriak partaidetza-maileguen bidez finantzatzea errazteko eta/edo epe luzeko maileguen bidez enpresa-egitura indartzea bultzatzeko, Luzaro, EFC, SArekin finantza-lankidetzako hitzarmen berri bat formalizatuko da. 

Formalizatu beharreko maileguen gehieneko zenbatekoak 1.500.000 euroko muga izango du enpresa edo talde ekonomiko bakoitzeko. Hala ere, 2.000.000 eurora iritsi ahal izango da egoera jakin batzuk gertatzen direnean. 

EAEko Administrazioak bi norabidetan emango du laguntza. Alde batetik, Luzarok formalizatutako maileguek arriskuaren % 50erainoko abala izango dute, eta Luzatu linean % 70eraino irits daitezke. 

Era berean, Administrazioak Luzaro, EFC, SAri bere zorpetzean jasaten dituen interesen diferentziala eta dagozkion lineetan enpresei eskainitako finantza-baldintzak diruz laguntzen jarraituko du. Era berean, enpresek finantzaketa-kostua murriztuko dute eragiketak elkarrekiko berme-sozietate horrek abalatzen dituenean. Azken kasu horretan, EAEko Administrazio Orokorrak abal-komisioaren % 50eko dirulaguntza emango du. 

Hitzarmenak dakarren berrikuntzetako bat da gabealdi handiak (5 urte baino gehiago) behar dituzten inbertsio-proiektu bideragarrien, aktibo finkoetako inbertsioen, fusio-prozesuen eta abarren finantzaketa-beharrei erantzutea. Hala, “Luzatu” lerro berri bat irekiko da, epe luzeetako gabealdiak eta 5 eta 7 urte bitarteko gabealdiak dituzten finantzaketa-eskaerei erantzungo diena, funts propioen ekarpena bidezkoa duten inbertsio-prozesuak babestuta. 

Bestalde, berrikuntza teknologikoa enpresen lehiakortasuna hobetzeko funtsezko elementua dela kontuan hartuta, inbertsio tipologia horiek finantzatzeko Industria 4.0 linea sendotu nahi da.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko