Berriak Segurtasuna

Jaurlaritzak Segurtasun Nuklearreko Kontseiluarekin hitzarmena sinatzea baimendu du, larrialdi erradiologikoetan erantzuna planifikatzeko, prestatzeko eta emateko (Gobernu Bilera 2020-12-22)

2020-12-22
  • Hitzarmenak balioetsi egiten du Arrisku Erradiologikoari Aurre Egiteko Larrialdi Plana planifikatzeko, ezartzeko eta mantentzeko lankidetza
  • Akordioak 2012an izenpetutakoa ordezkatuko du, eta baliabideen eta esperientzia operatiboaren arloan bi aldeen arteko lankidetza lehenetsiko du

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Eusko Jaurlaritzak eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak lankidetza-hitzarmen bat izenpetzea larrialdi erradiologikoen arloan. Hitzarmenak 2012an izenpetutakoa ordezkatuko du, eta honako lehentasunak izango ditu: baliabideen eta esperientziaren arloan bi aldeen arteko lankidetza Arrisku Erradiologikoari Aurre Egiteko Larrialdi Plana planifikatzeko, ezartzeko eta mantentzeko, plan hori hobetzeko beharrezko jotzen diren jarduketa bateratuak eta euren komunikazio sistemen eta kanalen ezarpena eta mantentze operatiboa. 

Hitzarmenak azpimarratzen du, larrialdi erradiologiko bat gertatzen bada eta larrialdia bideratzea eta kudeatzea Jaurlaritzaren eskumena bada, honek Arrisku Erradiologikoari Aurre Egiteko Larrialdi Plana aktibatuko duela gertaeraren larritasunaren arabera dagokion erantzun-mailan, eta herritarrak babesteko beharrezko neurriak hartuko dituela. 

Horrela Eusko Jaurlaritzak berehala emango dio Segurtasun Nazionaleko Kontseiluari biztanleengan edo ingurumenean eragina izan dezakeen edozein istripu nuklearren edo erradiologikoren berri, eta kontuan izango ditu Kontseiluak biztanleria eta istripuan jarduten dutenak babesteko neurriekin erlazionatuta ematen dituen gomendioak. Horrez gainera, erakunde horrekin etengabe harremanetan egongo da larrialdiak irauten duen bitartean, eta jarduketak koordinatzeko beharrezkoa den informazio guztia partekatu dute. 

Bestalde, Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak berehala emango dio Jaurlaritzari edozein istripu erradiologikoren berri, eta, horrez gainera, Larrialdiei Aurre Egiteko Planaren zuzendariari aholku emango dio salgai arriskutsuak errepidez eta trenbidez garraiatzeak dakarren istripu-arriskuari buruz, eta Arrisku Erradiologikoari Aurre Egiteko Larrialdi Planaren zuzendariari, berriz, larrialdiak izandako ondorioak arintzeko hartu beharko liratekeen babes-neurriei buruz. 

Hitzarmena behar bezala garatzen eta betetzen dela zaintzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, eta alde bakoitzeko hiru pertsonak osatuko dute. Euskadiren kasuan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria, Planifikazioaren arduraduna eta Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzako Instalazio Erradiaktiboen Zerbitzuaren arduraduna izango dira batzordekideak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko