Berriak Segurtasuna

Gobernu Kontseiluak “Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren kontrol eta gardentasun batzordea” osatuko duten sei pertsonak izendatu ditu (Gobernu Bilera 2020-12-22)

2020-12-22
  • Batzordearen helburua da ofizioz edo interesdunak eskatuta aztertzea eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza
  • Herritarrek polizia-jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunean eta objektibitatean duten konfiantza eta zilegitasuna indartzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoari erantzunez sortu da batzordea 

Gobernu KontseiluakEuskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeaosatuko duten sei pertsonak izendatu ditu gaur. Kide anitzeko organo horrek polizia-erakundearekiko eta Segurtasun Sailarekiko autonomia funtzionala du (1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena, 15. artikulutik 20. artikulura), eta eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza ofizioz edo interesdunak eskatuta aztertzeko sortu da.   

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak joan den azaroaren 25ean izendatu zituen adierazitako batzordea osatuko zuten pertsonak, eta gaur ofizializatu dira izendapen horiek. Batzorde horrek beti ikertuko ditu gertaerak poliziaren esku-hartzeen edo operatiboen testuinguruan edo polizia-zaintzak dirauen bitartean norbait hil edo larriki lesionatu bada. Horrez gainera, batzordeak jardunbide egokiak gomendatu ahal izango ditu eta poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen jokabide-patroiak eta jardunbideak identifikatuko ditu. Batzordearen helburu nagusia izango da herritarrek polizia-jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunean eta objektibitatean duten konfiantza eta zilegitasuna indartzea. 

SEI BATZORDEKIDE 

Batzordeak izango ditu batzordeburua eta bost batzordekide, eta emakumeen eta gizonen presentzia paritarioaren printzipioa beteko da eta hautagaiek prestigio aitortua, sinesgarritasuna eta esperientzia izan beharko dute segurtasun publikoaren arloan, zuzenbidean, soziologian, medikuntzan, psikologian, etikan eta antzeko arloetan. Kideen herenak Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren eskaletan eta kategorietan egon diren eta orain dauden pertsonen artetik aukeratuko dira, eta, gutxienez, hamabost urteko esperientzia izan beharko dute kidegoan. Beste heren bat aipatutako arlo horietan prestigio akademiko aitortua duten langileen artetik aukeratuko dira. 

Gobernu Kontseiluak, ezaugarri horiek kontuan hartuta, eta “Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak” proposatuta, honako pertsona hauek izendatu ditu:

  • Javier Hernaez Manrique.
  • Estefanía Ocáriz Passevant.
  • José Antonio Nieto Antón.
  • Miren Ortubay Fuentes.
  • Joaquín Giménez García.
  • Ricardo Egiguren Mendieta. 

 BOST URTERAKO IZENDAPENA 

Batzordeak berak hautatuko du, osoko bilkuran, zer batzordekide izango den batzordeburua. Izendapena bost urterako izango da, eta bitan baino ezingo da berritu, iraupen bereko denboraldietarako. Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoiak: heriotza, agintealdia amaitzea, karguari idatziz uko egitea, abstentzio- eta isiltasun-eginbeharren ez-betetze larria, epai irmo baten bidezko ezgaitze-deklarazioa, edo dolozko delituagatiko kondena epai irmo baten bidez.

 Batzordekideek ez dute inolako lansaririk jasoko euren lanen truke. Nolanahi ere, zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainak kobratu ahal izango dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan partida espezifiko bat ezarriko da, batzordeak bere lanak egin ahal izateko behar bestekoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko