Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Eusko Jaurlaritza amiantoari buruzko Euskadiko lehenengo plana prestatzen ari da, lanbide-gaixotasun horren arriskuei aurre egiteko

2011.eko ekainak 20

 

  • Amiantoaren eraginpean egon diren 5.631 langile jasotzen dituen erregistro bat sortu da. Horietatik,  4.226k beren lan-bizitza amaitu dute jada

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila "lankidetza estuan" dihardu gizarte eragileekin Amiantoari buruzko Euskadiko Lehenengo Plana izango dena prestatzen. Hori iragarri du gaur goizen Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Laneko Segurtasun eta Osasunari buruz Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatu duen nazioarteko uda-ikastaroaren inaugurazioan. Ikastaro hori unibertsitate batek lan-osasunari eta lanbide‑gaixotasunei buruz antolatzen duen lehenengoa da, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren mendeko Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen sostengua eta sustapena dauka. Ikastaroa datorren  asteazkenera arte, ekainak 22, luzatuko da, eta hiru egunetan zehar hainbat gai jorratuko dira bertan; besteak beste, lanbide-gaixotasunak, errepideko lan-istripuak eta enpresetako lanaren antolaketak lan-arriskuetan duen eragina.

Amiantoari buruzko planari dagokionez, sailburuak azpimarratu du egun txosten baten gainean ari direla lanean, lehenengo kasuak agertzen hasi zirenetik Osalanek metatu dituen espedienteak baliatuz, Euskadin dagoen egoera hobeto ezagutzeko. Horrela diagnostiko egokia egin ahal izango da, eta ekintza hobeak planifikatu.

Horrez gain, erregistro bat ireki da, amiantoaren eraginpean egon diren 5.631 langileren kasuekin. Horietatik, 4.226k beren lan-bizitza amaitu dute jada. Fitxategian sartzen dira, baita ere, amiantoarekin lan egin duten Euskadiko 229 enpresa.  Prozesua Osakidetzarekin lankidetzan gauzatu da.

Laster abian jarriko diren beste neurrietako bat izango da praktika onen dekalogoa enpresetara helaraztea, amiantoaren erabilerari buruzko guztia ezagutu eta beharrik gabeko arriskuak saihestu ditzaten. "Horiek dira plana osatuko duten neurrietako batzuk; izan ere, kutsadura-egoerei edo horien susmoari behar bezala aurre egiten lagunduko digun tresna izango baita. Eta, bainera, orientazioa emango die enpresei egoera horren aurrean nola jokatu behar duten jakiteko", azpimarratu du Zabaletak.

Amiantoaz gain, sailburuak ohartarazi duenez, lanbide-gaixotasun guztiak dira "lan-munduak dituen mehatxu ikusezin eta arriskutsuenetakoak". "Aurrerapena, ongizatea eta bizi-kalitatea bermatu eta Euskadi modernoaren eraikuntza sozialean aurrera egin nahi badugu, laneko segurtasuna eta osasuna lehenengo lekuan jarri behar ditugu eskubideen zerrendan" gaineratu du.

Eta aurrerapen eta ongizate hori bermatzeko prestatu du Osalanek Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Estrategia 2011-2014, zeina iazko abenduan onartu baita. Estrategia hori Elkarrizketa Sozialeko Mahaian onartu zen, jarduteko esparru‑programa gisa.  Horrez gain, gizarte-eragileekin partekatutako lanaren emaitza gisa sortu da Osalanek egindako Lanari egotz dakiokeen gaixotasun-karga Euskadin azterlana, zeinak lanbide-gaixotasunen euskal mapa jasotzen baitu. Mapa horretan zehaztasunez islatzen da gaixotasun horiek lurraldeen arabera nola banatzen diren, eta sexuarekin, adinarekin eta enpresekin duten lotura, kutxa publikoei prebentziorik ezak dakarkien kostua ahaztu gabe.

Kostu hori 106 milioi euro baino gehiagokoa izan zen 2008. urtean; hau da, urte hartan Euskadik izan zuen BPGaren (67.924,5 milioi euro) % 0,16, eta Euskadiko osasun-gastu publikoaren (3.200 milioi euro) % 3,3.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan